ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

IDEKOk bere ikertzaile talentua indartu du beste doktore batekin

IDEKOk bere ikertzaile talentua indartu du beste doktore batekin
  • Oier Franco zentro teknologikoko ikertzaileak makina handien dinamikan eragingailuek duten eraginari buruzko tesia egin, eta lana arrakastaz amaitu du, irakurri ondorengo kalifikazio gorena lortuta.
  • Tesiaren defentsa nazioarteko epaimahai baten aurrean egin du, eta bertan parte hartu dute Fraunhofer IWU Unibertsitateko, Kaliforniako Unibertsitateko eta Waterlooko Unibertsitateko ordezkariek.

IDEKO zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kideak, giza kapitalaren eta ikerketa gaitasunaren aldeko apustua indartzen jarraitzen du, beste doktore bat bere plantillara batuta.

Oier Franco ikertzailea, chatterra modu aktiboan kentzeari buruzko master amaierako proiektua egiten ari zela, IDEKOko Dinamika eta Kontrola ikerketa taldean sartu zen, eta arrakastaz amaitu du lantzen ari zen doktore tesia, irakurri ondorengo kalifikazio gorena lortuta.

Tesiaren defentsa nazioarteko epaimahai ospetsu baten aurrean egin zuen: Steffen Ihlenfeldt, Fraunhofer IWU Unibertsitatekoa; Sriram Naransimhan, Kaliforniako Unibertsitatekoa (UCLA); eta Soo Jeon eta Steve Lambert, Waterlooko Unibertsitatekoak.

Era horretan, oraintxe bertan, IDEKOk 35 doktore ditu guztira; hau da, bere plantillaren %32 doktoreak dira, duela hamarkada bat erregistratutakoa (%13) baino ehuneko nabarmen handiagoa. Gainera, urtetik urtera kopurua gorantz doa.

Tamaina handiko makinen egiturazko dinamikaren azterketa bat

Francoren lana aurrerapen eragingailuek tamaina handiko makinen egiturazko dinamikan duten eragina aztertzean oinarritu da. Tesia lau urtean egin du, Waterlooko Unibertsitateko Xavier Beudaert eta Kaan Erkorkmaz-en zuzendaritzapean, eta CANRIMT II Kanadako proiektuaren barruan. Danobatgroup industria taldeak laguntza eman du ekimen horretan.

Francoren doktorego lanak chatterraren agerpena minimizatzeko ikuspegi berriak aurkezten ditu.

“Tamaina handiko makinen ezaugarri dinamikoak direla eta, ebaketa prozesuak sortutako bibrazioak makina horiek posizionatzeko erabilitako sentsoreek hautemateko modukoak dira. Ideia horretatik abiatuta, posizionamendu loturak sintonizatzeko estrategia berri bat garatu dut tesian, arbastatze lanetarako ebaketa gaitasuna handitzeko aukera ematen duena”, azaldu du Francok.

Aldi berean, ikertzaileak ikusi du mugimenduan lortutako ezaugarri dinamikoek gidatzeetan dagoen marruskaduraren eragin izugarria erakusten dutela. Hori dela eta, egiturazko dinamikaren elkarreragina, posizionamendu kontrola eta marruskadura ez lineala aztertu ditu tesian, ebaketa ahalmenaren iragarpena hobetzeko.

Azkenik, metodo operatibo bat garatu du, ebaketa esperimental batzuk egiten diren bitartean makinaren dinamika ezaugarritzeko.

Tesiko ekarpen guztiak esperimentalki baliozkotu dira, aurrerapen eragingailuek tamaina handiko makina-erreminten egiturazko dinamikan duten eragina kontuan hartuta.

KATEGORIAK