ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

Nazioarteko kongresu batek IDEKOren fabrikazio aurreratuko bikaintasun zientifikoa aitortu du

Nazioarteko kongresu batek IDEKOren fabrikazio aurreratuko bikaintasun zientifikoa aitortu du
  • IDEKOk protagonismo nabarmena izan du Frantzian egin den Conference on High Performance Cutting (CIRP-HPC) nazioarteko kongresuaren hamargarren edizioan.
  • Zentroko ikertzaileek Batzorde Zientifikoan parte hartu dute eta bost ekarpen tekniko aurkeztu dituzte kongresuaren programa zientifikoan.
  • Mónica Gil-Inchaurza ikertzaileak ekarpen zientifiko onenaren saria jaso du.

IDEKOk fabrikazio aurreratuaren arloan duen bikaintasun zientifikoak nazioarteko aitortza berri bat jaso du. Ekainaren 17tik 19ra bitartean Cluny-n (Frantzia) ospatutako Conference on High Performance Cutting (CIRP-HPC) nazioarteko kongresuaren hamargarren edizioan, zentro teknologikoko ikertzaileek parte-hartze nabarmena izan dute, bai programa zientifikoan, bai kongresuaren antolaketan eta baita sari banaketan ere.

Xavier Beudaert, Aitor Madariaga eta Jokin Muñoa ikertzaileek kongresura aurkeztutako lanak ebaluatzeko ardura izan duen Batzorde Zientifikoko kide izan dira. Horrez gain, Jokin Muñoa, IDEKOko zuzendari zientifikoak, fabrikazioaren dinamikari buruzko saio tekniko baten buru izan da. Diziplina hori funtsezkoa da mekanizazio-prozesuen doitasuna, egonkortasuna eta produktibitatea hobetzeko.

IDEKOren ekarpena ez da antolakuntzara mugatu. Ainhoa Robles, María García-Moreno, Mónica Gil-Inchaurza, Lele Bai eta Jokin Muñoa ikertzaileek bost ikerketa-lan aurkeztu dituzte kongresuan.

"Frantzian izan garen ikertzaile-taldeak IDEKOn ditugun diziplina anitzeko gaitasunak ordezkatzen ditu. Horri esker, fabrikazio aurreratuaren arloko erronka nagusiei erantzuteko punta-puntako ikerketa garatzen dugu", azpimarratu du Jokin Muñoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den zentroko zuzendari zientifikoak.

Aurkeztutako lanek hainbat ikerketa-ildo jorratu dituzte, besteak beste, torneaketa eta artezketa prozesuetako gainazalaren kalitatea hobetzea, bibrazioen kontrola, ebaketa-erreminten errendimenduaren optimizazioa, txirbilaren haustura kontrolatua eta horma meheko osagai aeronautikoen bost ardatzeko mekanizazio-prozesuen monitorizazio aurreratua.

Ekarpen zientifiko onenaren saria

IDEKO, HPC2026

Kongresuan aurkeztutako lanen artean, Mónica Gil-Inchaurza ikertzailearen ikerketak aitorpen berezia jaso du. Bere lanak DMG MORI enpresaren intereseko ikerketa-ildoetan ekarpen zientifiko onenaren saria eskuratu du.

"Ikerketak torneaketa-prozesuetan sortzen diren bibrazioen eta mekanizatutako gainazalean agertzen diren uhin-itxurako (waviness) marken arteko erlazioa aztertzen du. Bibrazioen maiztasun eta anplitudeen arteko erlazioak, ebaketa-parametroekin —hala nola aitzinamendua, biraketa-abiadura edo erremintaren puntako radioa— batera aztertuta, torneaketa-prozesuetan sortzen diren gainazal-ereduak zehaztea ahalbidetzen dute", azaldu du IDEKOko ikertzaileak.

Lortutako emaitzek mekanizazio-prozesuen diagnostiko- eta monitorizazio-gaitasunak hobetzen dituzte, gainazaleko akatsak errazago identifikatzeko eta doitasun handiko mekanizazio-aplikazioetan gainazalaren kalitatea hobeto kontrolatzeko aukera emanez.

IDEKOk CIRP-HPC 2026 kongresuan izan duen parte-hartzeak berriro erakusten du zentroak fabrikazio aurreratuari aplikatutako ikerketan duen ibilbide sendoa eta nazioarteko komunitate zientifikoan betetzen duen paper aktiboa. Kongresuak aukera eman dio mundu mailako ikerketa-talde garrantzitsuenetako batzuekin emaitzak partekatzeko, lankidetza-sareak sendotzeko eta fabrikazio-teknologien garapenean ezagutza sortzen jarraitzeko.

    NABARMENDUTAKO BERRIAK

    KATEGORIAK