ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

IDEKO fabrikazio aurreratuko I+Garen buru, CIRPen 75. Batzar Nagusian

IDEKO fabrikazio aurreratuko I+Garen buru, CIRPen 75. Batzar Nagusian
  • Zentro teknologikoak bost ikerketa-lan aurkeztu ditu fabrikazio aurreratuko ikerketaren nazioarteko erreferentziazko foroan.
  • Ikerketek artezketarekin, laser bidezko fabrikazioarekin, mekanizazioarekin, doitasuneko robotikarekin eta bost ardatzeko fresaketarekin lotutako erronkei heltzen diete.
  • Bost ekarpenetatik hiru 2025ean IDEKOn doktoretza amaitu zuten ikertzaileek gidatu dituzte, zentroak bikaintasuneko talentu zientifikoa garatzeko egiten duen apustuaren erakusgarri.

Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den IDEKO zentro teknologikoa estatuko fabrikazio aurreratuko I+Garen buru izan da Doitasun Ingeniaritzaren Nazioarteko Akademiaren (CIRP) 75. Batzar Nagusian, abuztuaren 23tik 29ra Turinen (Italia) egindako topaketan.

Fabrikazio-teknologietan espezializatutako nazioarteko komunitate zientifikoaren topagune nagusia da CIRP. Aurten, IDEKOk sei laguneko ordezkaritzarekin parte hartu du eta bost ekarpen zientifiko aurkeztu ditu, edizio honetan zentro teknologiko batek aurkeztutako kopururik handiena.

Datuak garrantzi berezia du, CIRPen aurkezten diren ikerketa-lanek ebaluazio-prozesu oso zorrotza gainditu behar baitute onartuak izateko. Bost ekarpenen hautaketak, beraz, IDEKOn egiten den ikerketaren kalitatea eta sendotasun zientifikoa berresten ditu.

Gaitasun zientifiko zabala

IDEKOk aurkeztutako bost ikerketa-lanek zentroaren gaitasun zientifikoen aniztasuna erakusten dute, baita fabrikazio aurreratuak gaur egun dituen erronka nagusiei erantzuteko duen orientazioa ere, besteak beste, digitalizazioari, doitasunari eta jasangarritasunari lotutakoei.

Alde batetik, María García-Morenok artezketa-prozesuetan pieza zilindrikoetan sortzen diren helize-marken sakonera murrizteko estrategia berriak aurkeztu ditu. Garatutako metodologiak, baldintza jakin batzuetan, mota horretako akatsik gabeko gainazalak lortzeko aukera ere ematen du.

Bestetik, Xavier Beudaertek laser bidezko fabrikazioaren bitartez xaflaren ebaketa jarraitua optimizatzeko sistema automatiko baten garapenean egindako aurrerapenak azaldu ditu.

IDEKOko Aitor Madariaga ikertzaileak, halaber, Mondragon Unibertsitateko Pedro Arrazola irakasleak aurkeztutako keynote-aren prestaketan parte hartu du. Lanak mekanizazioaren erronka nagusietako baten inguruko ezagutzaren egungo egoera aztertzen du: prozesuan zehar piezek jasaten duten distortsioa. Distortsioa eragiten duten mekanismoetatik hasi eta hura aurreikusi, neurtu eta minimizatzeko gaur egun dauden teknikak aztertzen ditu, eta fabrikazio adimendunari lotutako etorkizuneko ikerketa-ildoak ere identifikatzen ditu.

Mekanizazioari aplikatutako robotika ere IDEKOren ekarpenetako baten ardatza izan da. Beñat Iñigok kanpo-indarren eraginpean dauden robot industrialen zurruntasuna hobeto karakterizatzeko ikerketa aurkeztu du. Garatutako metodologiak erremintaren erdiko puntuaren (TCP) deformazioa zenbatetsi eta baliozkotzeko aukera ematen du, neurketen ziurgabetasuna ere kontuan hartuta. Alderdi hori funtsezkoa da mekanizazio-eragiketak gero eta doitasun handiagoz egiteko gai diren robot industrialak garatzeko.

Azkenik, Markel Sanzek bost ardatzeko horma meheen fresaketaren erronka konplexuenetako bati heltzen dion ikerketa aurkeztu du: piezaren dinamika eta erremintaren eta materialaren arteko kontaktua aldakorrak direnean prozesuaren egonkortasuna aurreikustea. Garatutako ereduak simulazio-tresna desberdinak uztartzen ditu balizko ezegonkortasunak aurreikusi eta prozesua optimizatzeko. Metodologia industria-kasu batean aplikatu da, mekanizatutako gainazaleko akatsak murrizteko, fabrikazio-prozesuaren egonkortasuna bermatuz.

Ikerketa-talentua garatzen

IDEKO, CIRP2026 TURIN

IDEKOk CIRP 2026n izandako parte-hartzeak esanahi berezia du, halaber, talentu ikertzailearen garapenaren ikuspegitik. Bost ekarpenetatik hiru 2025ean IDEKOn doktoretza amaitu zuten ikertzaileek gidatu dituzte: María García-Morenok, Beñat Iñigok eta Markel Sanzek.

IDEKO, CIRP2026 TURIN

“Haien ikerketak CIRPen maila zientifikoko foro batean onartu izanak doktorego-tesietan egindako lanaren aitortza dakar. Era berean, IDEKOk ikertzaile-belaunaldi berriak garatzeko duen gaitasuna erakusten du, bikaintasun zientifikoa eta industriaren benetako erronken ezagutza uztartzen dituzten profilak sortuz”, nabarmendu du Jokin Muñoa IDEKOko zuzendari zientifikoak eta Turinen izan den ordezkaritzaren buruak.

Ezagutzaren eta pertsonen aldeko apustu hori zentroaren adierazle zientifikoetan ere islatzen da. 2025ean, IDEKOk indexatutako aldizkari zientifikoetan 27 argitalpen egin zituen eta 42 patente aktibo zituen. Gainera, taldearen %30 doktorea da, eta gaur egun beste 11 pertsona doktorego-tesia egiten ari dira.

Aitortza zientifikotik harago, CIRPen parte hartzeak IDEKOrentzat estrategikoa den helburu bati erantzuten dio: bikaintasuneko ezagutza sortzea, ondoren teknologia bihurtu eta industriara transferitzeko. Fabrikazioarekin lotutako diziplinetako nazioarteko erreferente zientifiko nagusiak biltzen dituen komunitate honetako kide izateak aukera ematen dio IDEKOri bere ikerketa-ildoak lehen mailako adituekin kontrastatzeko, joera teknologikoei aurrea hartzeko eta nazioarteko lankidetza-sare berriak sortzeko.

“Guretzat, CIRPen parte hartzea gure ikerketaren maila zientifikoa neurtzeko adierazleetako bat da. Aurten bost ekarpenekin bertan egoteak erakusten du sortzen ari garen ezagutza gure esparruko ingurune zientifikorik zorrotzenetako batean kontrastatzen ari dela”, gaineratu du Muñoak.

IDEKOren eta Nazioarteko Akademiaren arteko harremana urteetan zehar sendotuz joan da. Zentro teknologikoak ohiko presentzia du CIRPen topaketa zientifikoetan, eta 2022an protagonismo berezia izan zuen, Bilbon CIRPen Batzar Nagusia antolatu zuenean, Jokin Muñoa chairman zela.

    NABARMENDUTAKO BERRIAK

    KATEGORIAK