ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

Hari gabeko sentsoreak, hegazkinak beren bizitza osoan monitorizatzeko

Hari gabeko sentsoreak, hegazkinak beren bizitza osoan monitorizatzeko
  • INFINITE proiektu europarraren helburua da aeroegituren bizi zikloaren edozein unetan haien egoera ezagutzea, material adimendunen bidez.    
  • Ekimenaren esparruan, sentsore integratuak dituzten konpositeak garatuko dira, eta, horiei esker, material horien ezaugarrien jarraipena egin ahal izango da, fabrikatzen diren unetik azkenean birziklatu arte, haien bizitza erabilgarria luzatzeko eta horien kalitatea hobetzeko.
  • Proiektuaren partzuergoaren lehen bilera ekainaren 7an egin zen IDEKOk Elgoibarren dituen instalazioetan.

Aeroegituren fabrikazio prozesuak eta funtzionamendu baldintzak kontrolatzea eta haien kostua murriztea dira Europako industria aeronautikoak aurre egin beharreko erronka nagusietako batzuk. Hori egin ahal izateko, beharrezkoa da materialek beren bizi ziklo osoan duten portaera eta egoera ezagutzea; izan ere, horrela materialek ahalik eta kalitate handiena izatea ziurtatuko da eta posible izango da bizi zikloko etapa bakoitzean optimizatzea.

Helburu horrekin, ekain honen hasieran, INFINITE- HORIZON-CL5-2021-D5-01-06- Next generation digital aircraft transformation in design, manufacturing, integration and maintenance izeneko proiektu europarra jarri berri da abian, Basque Research & Technology Allianceko (BRTA) kide den IDEKO zentro teknologikoaren gidaritzapean. Proiektuan, egitura aeronautikoak fabrikatzeko lehen urratsetan hari gabeko sentsoreak sartuko dira, eta hori izango da, funtsean, garatuko den teknologia.

Sentsore horiei esker, egitura aeronautikoen jarraipena egin ahal izango da haien bizi ziklo osoan: beraien fabrikazioa in situ gainbegiratzea eta egituren osasuna monitorizatuz (SHM) zerbitzua konpontzea eta berrikustea, bai eta piezak beren bizitza baliagarriaren bukaeran birziklatzea ere (EoL).

Proiektuaren esparruan garatuko diren sentsoreak, funtsean, material magnetikoak eta mikrohari ferromagnetiko amorfoak dira, hau da, erradiazio elektromagnetikoari erreakzionatzeko gai diren materialak, eta edozein unetan piezaren egoerari buruzko balio informazioa lortzea ahalbidetuko dute. Sentsore horiek karbono zuntz lehorrekin batera txertatuko dira, konpositean sartuta gera daitezen, eta haien egoera sistema eramangarri baten bidez monitorizatuko da, piezak jasaten dituen kargak eta tenperatura zehazteko edo haien osotasuna egiaztatu ahal izateko.

“Sentsore horiek bizi zikloko etapa oso goiztiarretan sartzeak ahalbidetuko du osagai bakoitzaren ondorengo etapa guztien trazabilitatea edukitzea, bai eta haien egoera sistema ez inbaditzaile batekin monitorizatzea ere, beren prestazioak optimizatzeko”, azaldu du Peio Olaskoagak, INFINITE Horizon Europeko proposamenaren koordinatzaile teknikoak.

Monitorizazio aurreratu honek ahalmen handia du Europako industria aeronautikorako, izan ere, eragina izango du kostuen murrizketan eta osagaien fidagarritasunean, eta lehiarako abantaila emango die Europako sektoreko eragile nagusiei, hala nola, ekipoen fabrikatzaileei (OEM), osagaien fabrikatzaileei eta mantentze eta konponketa lanetako operadoreei (MRO). Testuinguru horretan, Europako panorama aeronautikoaren eragile nagusietako adituak proiektuan sartu dira, eta aholkularitza industrialeko panel batean parte hartu dute, zeinak proiektuaren helburuak eta garapenak beren premiekin beti lerrokatuta egon daitezen zainduko baitu.    

  

Sektorea eraldatzeko nazioarteko partzuergoa

Proiektuaren partzuergoaren lehen bilera joan den ekainaren 7an egin zen, asteartean, zentro teknologikoak Elgoibarren (Gipuzkoa) dituen instalazioetan, eta partzuergoko bazkide guztiak izan ziren bertan, euskal ordezkaritza nabarmenarekin. Ildo horretan, IDEKO ekimenaren koordinatzailearekin batera arituko dira Gaiker zentro teknologikoa, BRTA aliantzako kidea ere badena, Euskal Herriko Unibertsitateko Magnetismo Taldea eta TAMAG enpresa, UPV/EHUko aipatutako taldearen konposatuetan eta spin-offean sartuko diren sentsoreak fabrikatuko dituena.

Estatu mailan, partzuergoko partaide izango dira TITANIA, osagai aeronautikoen entsegu eta kalibrazioan diharduen enpresa cadiztarra, eta RECICLALIA, egoitza Toledon duen eta material konposatuekin egindako egituren bizi zikloaren amaierarako irtenbideak bilatzen dituen enpresa.

Proiektuak duen izaera europarra osatzeko, Horizonte Europa programaren esparruan finantzatuta baitago, beste erakunde europar hauen laguntza dauka: RISE (Suedia), elektronikan eta magnetismoan espezializatutako zentro teknologikoa; Sheffieldeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) fabrikazio aurreratuko ikerketa zentrua (AMRC); COLLINS Aerospace (Irlanda), osagai aeronautikoen fabrikatzailea; TEIJIN (Alemania), karbono ehunen fabrikatzailea; AEROFORM (Frantzia), konpositezko osagaiak konpontzeko soluzioak eta ekipoak garatzen diharduen enpresa; eta, azkenik, CAE enpresa, egoitza Austrian duena eta prozesu konplexuen simulazioan diharduena.

Proiektua abian jartzeko bileran, halaber, Miguel Marti egon zen, hau da, CINEA (European Climate Infrastructure and Environment Executive Agency) Europako agentziak proiektuaren ikuskapenerako izendatutako Project Officerra. Telematikoki parte hartu zuen bileran, ekimena babesten zuela eta ekimenak arrakasta izatea espero zuela adierazteko mezua bidaliz. 

KATEGORIAK