ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

Kamera anitzeko sistema robotek ikusi ahal izateko

Kamera anitzeko sistema robotek ikusi ahal izateko
  • IK4-IDEKOk kamera askoko sistema bat garatu du robotei ikusmena emateko. Sistemak robotaren mugimenduak gidatzen ditu eta lanak gauzatzen uzten die, esaterako, erremintak lokalizatzen.
  • Ikerketa erakundeak diseinatu duen metodoa fotogrametriako 3D ikuspen teknologian oinarritzen da.
  • Garapena Makina-erremintaren Bienalaren hurrengo edizioan aurkeztuko da, zentro teknologikoaren eskutik, maiatzaren 28tik ekainaren 1era bitartean.

Ekoizpen sistemetan eta fabrikazio inguruneetan robotika sartuta posible egiten ari da industri prozesuen efizientzia hobetzea. Soluzio robotikoak erabiliz, lan astun eta arriskutsuak automatizatu daitezke modu fidagarri eta seguruan; halere, robotek oraindik hobekuntza marjina zabala dute doitasunaren alorrean.

Gorabehera hori gainditzeko asmoarekin, IK4-IDEKO zentro teknologikoak kamera askoko ikuspen sistema aurreratu bat garatu du, robotaren ikusmena izateko eta robotari piezak eta erremintak zehaztasunez lokalizatzen eta manipulatzen uzteko.

Zentro teknologikoak fabrikazio prozesuen eta doitasunezko ingeniaritzaren alorrean egiten dituen ikerketa jardueren barruan garatu da sistema, eta Makina-erremintaren Espainiako Bienalaren hirurogeita hamargarren edizioan aurkeztuko da, Bilbao Exhibition Centren, maiatzaren 28tik ekainaren 1era bitartean.

Soluzioa diseinatzeko, Elgoibarko zentro teknologikoko ikertzaileek fotogrametriako 3D ikuspen teknologian oinarritu dira. Objektuei argazki asko eginez haien neurriak, dimentsioak eta kokapen espaziala definitzea da teknika horren funtsaz.

IK4-IDEKOk garatu duen sistemarekin posible da objektuek 6 askatasun graduak edukitzea, hau da, gorputzek egin ditzaketen hiru birak eta hiru desplazamenduak.

“Egungo robotak erraz maneiatzen dira eta moldakorrak dira, baina beraien zehaztasuna ez da nabarmentzeko modukoa. Sistema honekin beste urrats bat gehiago eman daiteke doitasuna handitzeko bidean, kamera askoko ikuspen sistema honekin objektu baten sei askatasun graduak aldi berean trackeatu baitaitezke. Horrela, objektuen neurketa zehatza lortzen da eta haien posizioa eta neurriak kalkulatzen dira robotaren besoakn doitasunez hartu eta manipulatu ahal ditzan”, ziurtatu dute ikerketaren arduradunek, Alberto Mendikutek eta Ibai Leizeak.

IK4-IDEKOk esperientzia handia dauka fotogrametria eramangarriaren bitartez irudiak hartu eta neurketak egiteko sistemen garapenean. Eremu horretan, zentro teknologikoak bazuen lehendik VSET teknologia. SORALUCE makina-erreminten fabrikatzailea eta fresatzeko eta mandrinatzek teknologietan munduko liderra den enpresak merkaturatutako sistema bat da, eta BIEMHn enpresa horrek edukiko duen standean egongo da ikusgai. Ikerketa erakundearen garapen berria beste urrats bat gehiago da mota horretako sistemetara aplikatutako ikerketan.

“Gure zentroa ikuspen sistemen garapenean espezializatuta dago. Eszenaren irudiak lortu, eszena berreraiki eta neurketa egiten dugu. Kasu zehatz honetan, hainbat kamera erabili ditugu intereseko elementuen posizioa asmatzeko. Robotak lanerako erabiliko duen erreminta eta egin beharko den tresneria edo muntaketa dira, funtsean, intereseko elementu horiek. Hitz batean, eszena asmatzea lortzen dugu kamerek hartutako informazioa abiapuntu hartuta”, gaineratu dute adituek.

Aplikazio honen helburua da muntaketa sistema malguetan funtzionatzea, robotak lokalizatu behar dituen objektuek beti aurrez zehaztutako kokapen batean eduki beharrik izan gabe.

Gainera, IK4-IDEKOk asmatutako soluzioak posible egiten du bi dimentsiotan atzitutako datuak 3D formatuko informazio bihurtzea, kontrolagailu batean doan garapen propioko berreraikitze software baten bidez.

“Irudiak software horretan prozesatzen dira ondoren, eta gertatzen ari denaren neurri bat ematen dute. Helburua da ikuspen kameren bitartez gizakien begiek ikusiko luketen bera ikusi ahal izatea”, esan dute bukatzeko.

Bienalaren hurrengo edizioan, IK4-IDEKO 1 / B-21 standean egongo da, eta leku horretan erakundeak industria digitalaren alde egiten ari dena ere aurkeztuko du. Batetik, gainazalak artezketaren bidez testurizatzeko sistema berri bat da, gainazalak adimendunak sortzeko, eta, bestetik, galdaketa industriarako moldeak sortzeko teknologia bat 4.0 industriaren kontzeptuetan oinarrituta.

KATEGORIAK