Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak
IDEKO zentro teknologikoak NAFEMS World Congress 2025 ekitaldian parte hartu du, ingeniaritzako simulazioari esklusiboki eskainitako nazioarteko kongresurik garrantzitsuenean, eta aurtengo edizioa Austrian ospatu da. Bertan, Markel Alaña, Doitasun Ingeniaritza taldeko ikertzailea, izan da IDEKOren aurkezpenaren arduraduna, eta mahai birakari hidrostatikoen simulazioan oinarritutako diseinuari buruzko ikerketa berritzailea aurkeztu du.
"Multiphysics Simulation-Driven Design of Hydrostatic Rotary Table" izenburua duen lan honetan, elementu finituen bidezko simulazio multiphysics modeloa garatu da, sistema hauen portaera egiturazkoa eta hidraulikoa bateratuta aztertzeko. Solidoen elastikotasuna eta fluidoaren interakzioa kontuan hartuta, modeloak zehaztasun handiagoa eskaintzen du presio-banaketa, hutsartearen aldaketak eta deformazioaren ondorioak aurreikusteko.
Emaitzek agerian uzten dute deformazio egiturazkoek eragin nabarmena dutela errendimendu hidrostatikoan: hutsartearen uniformetasuna, zurruntasuna eta energia-kontsumoa bezalako parametroetan. Horrez gain, ordezko ereduak erabiltzen dira, batez ere sare neuronalak, diseinu-prozesua bizkortzeko. Eredu hauek emaitza zehatzak lortzen dituzte entrenamendu-puntu gutxiagorekin, optimizaziorako eta sentsibilitate-azterketetarako tresna eraginkor bihurtuz.
IDEKOk garatutako esparru metodologikoak mahai birakari hidrostatiko errentagarriagoak eta errendimendu handikoak diseinatzeko aukera eskaintzen du. Simulazio multiphysics teknikak eta adimen artifiziala uztartuz, ingeniariek diseinuaren zehaztasuna hobetu eta baliabide konputazionalak optimizatu ditzakete. Etorkizuneko urratsak modeloan tenperaturaren eragina txertatzea eta balioztapen esperimentala egitea izango dira, aurresate-gaitasuna are gehiago hobetzeko asmoz.
NAFEMS World Congress ekitaldiak simulazioaren arloko 300 aditu eta profesional baino gehiago biltzen ditu lau egunez, saio teknikoekin, tailerrekin eta ingeniaritzako simulazioari soilik eskainitako software eta hardware erakusketa osatuenetako batekin.