ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

IDEKOk industria-fabrikazioko prozesuak optimizatzeko soluzioak aurkeztuko ditu Madrilen

IDEKOk industria-fabrikazioko prozesuak optimizatzeko soluzioak aurkeztuko ditu Madrilen
  • Zentro teknologikoak artezketa- eta fresaketa-prozesuen eraginkortasuna eta doitasuna hobetzeko dituen gaitasunak erakutsiko ditu azaroaren 4an eta 5ean, MetalMadrid azokan.
  • Makinen dinamikan, bibrazioen diagnostikoan eta ezabaketan, simulazio aurreratuan eta industria-digitalizazioan egiten duen I+G jarduera ere ezagutaraziko du.
  • IDEKO IFEMAko 4. pabiloian egongo da, Espainiako Makina-erremintaren Fabrikatzaileen Elkarteak (AFM) antolatutako 4G03 stand partekatuan.

Fabrikazio-prozesuen doitasuna hobetzea, produktibitatea handitzea eta makinen errendimenduari eragiten dioten bibrazioak murriztea dira gaur egun industriak dituen erronka nagusietako batzuk. Erronka horiei erantzuteko, IDEKO zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kideak, Advanced Manufacturing azokan- MetalMadrid 2026an- parte hartuko du azaroaren 4an eta 5ean. Bertan, fabrikazio aurreratuko prozesuen eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetzeko garatzen dituen gaitasun eta soluzio teknologikoak aurkeztuko ditu.

IDEKOren proposamenak artezketan eta fresaketan jarriko du arreta bereziki. Bi prozesu horietan, doitasuna, egonkortasuna eta mekanizazio-baldintzen kontrola funtsezkoak dira piezen kalitatea bermatzeko. Teknologia horiek garrantzi berezia dute eskakizun handiko sektoreetan, hala nola aeronautikan, energian, automobilgintzan eta ekipamendu-ondasunen industrian. Esparru horietan, IDEKOk mekanizazioan eragina duten fenomeno fisikoei buruzko ezagutza eta simulazio-, monitorizazio- eta kontrol-tresnak uztartzen ditu.

Doitasunezko artezketaren arloan, prozesuaren egonkortasuna hobetzea, mekanizazio-parametroak optimizatzea eta piezen gainazaleko nahiz dimentsioetako kalitatean eragiten duten faktoreak kontrolatzea ditu helburu zentroaren I+G jarduerak. Gaitasun horiei esker, produktibitatea handitzeko, akatsak murrizteko eta prozesuaren fidagarritasuna hobetzeko erronkei erantzun diezaieke.

Fresaketari dagokionez, bost ardatzeko fresaketa eta pieza konplexuen mekanizazioan bereziki, ebaketa-baldintzak eta mekanizazio-ibilbideak optimizatzeko lan egiten du IDEKOk. Horretarako, simulazio-ereduak eta portaera dinamikoaren analisia erabiltzen ditu, egonkortasun-arazoak aurreikusi eta fabrikazioaren emaitzak hobetzeko.

«Guretzat, optimizazioa ez da parametro jakin batean egiten den esku-hartze isolatu bat. Ingeniaritza-lan oso bat da, prozesua, makina, fabrikazio-baldintzak eta piezaren eskakizunak batera kontuan hartzen dituena», azaldu du Harkaitz Urretak, IDEKOko Merkatu zuzendariak.

Makinen eta prozesuen dinamika eta digitalizazioa

IDEKO at METAL MADRID

Makinen eta prozesuen dinamika izango da IDEKOk MetalMadriden erakutsiko duen beste arlo nagusietako bat. Bibrazioak dira fabrikazio-prozesu askotan doitasuna, gainazalaren kalitatea eta produktibitatea mugatzen dituzten faktore nagusietako bat. Piezetan akatsak eragin ditzakete, erreminten bizitza erabilgarria laburtu eta makinen lan-baldintzak mugatu.

Arazo horiei aurre egiteko, IDEKOk hainbat soluzio teknologiko ditu, makinen portaera dinamikoa karakterizatu eta diagnostikatzetik hasi eta bibrazioak kontrolatzeko eta moteltzeko tresnak diseinatu eta integratzeraino. Azokan, arazo dinamikoen jatorria identifikatzeko, makinen eta prozesuen portaera aurreikusteko eta lan-baldintza egonkorragoak eta produktiboagoak lortzeko kontrol-estrategiak aplikatzeko dituen gaitasunak erakutsiko ditu.

Horren adibide da DynAQ, IDEKOk garatutako tresna eramangarria. Makinen eta produkzio-ekipoen bibrazioak neurtzeko eta diagnostikatzeko aukera ematen du, baita arazo horien jatorria identifikatzen eta konponbide egokiak aplikatzen lagundu ere. Horrela, ekipoen eraginkortasuna, fidagarritasuna eta erabilgarritasuna hobetzen laguntzen du.

«IDEKOn gai gara makinak eta produkzio-ekipoak martxan daudenean sortzen diren erresonantziekin, ezegonkortasunekin eta bestelako fenomeno dinamikoekin lotutako arazoei aurre egiteko. Simulazio aurreratuak funtsezko zeregina du horretan: ekipoen portaera estrukturala eta dinamikoa aztertzeko, diseinu-aukera desberdinak ebaluatzeko eta funtzionamendu-baldintza bakoitzean izango duten erantzuna aurreikusteko aukera ematen digu», gaineratu du Harkaitz Urretak.

Eskaintza teknologikoa osatzeko, makinen, prozesuen eta fabrikazio-planten digitalizazioan aurrera egiteko aplikazioak ere aurkeztuko ditu IDEKOk. Sentsore aurreratuak, monitorizazio-sistemak eta datuak aztertzeko tresnak integratuz, enpresei beren ekipoen eta produkzio-prozesuen portaerari buruzko informazioa eskuratzen laguntzen die. Horri esker, makinen egoera aztertu, balizko anomaliak hauteman eta eraginkortasun operatiboa nahiz erabakiak hartzeko prozesua hobetzeko informazio baliagarria lor dezakete.

Gainera, fabrikazio-prozesuetan 40 urtez metatutako ezagutza eta teknologia digitalak uztartzeak industria-ingurune bakoitzaren benetako beharretara egokitutako soluzioak garatzeko aukera ematen dio IDEKOri. Horrela, fabrikazio-plantan jasotako informazioa prozesuen optimizazioarekin lotzen du.

IDEKO IFEMAko 4. pabiloian egongo da, Espainiako Makina-erremintaren Fabrikatzaileen Elkarteak (AFM) antolatutako 4G03 stand partekatuan. Bertaratzen direnek zentroaren gaitasun teknologikoak gertutik ezagutzeko eta beren fabrikazio-erronkak IDEKOko adituekin partekatzeko aukera izango dute. Horrez gain, zentro teknologikoak prestatutako Digitalizazio Gida berria eskuratu ahal izango dute.

    NABARMENDUTAKO BERRIAK

    KATEGORIAK