Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

IDEKOk
eraikinen isolamendu termikoa eta eraikuntza-lanetako segurtasuna hobetzeko
sistema robotiko berritzaileen garapena koordinatzen du Europako Shieldbot
proiektuaren barruan.
Zentro
teknologikoak mekatronikan eta kontrol dinamikoan duen esperientzia baliatuko
du robotek obra-inguruneetan doitasun handiagoz lan egin dezaen eta baldintza
aldakorretara hobeto egokitu daitezen.
Europar
Batasuneko Horizon Europe programak finantzatutako ekimenak sei herrialdetako
hamaika erakunde biltzen ditu.
Eraikinek eta eraikuntza-sektoreak munduko energia-kontsumoaren %34 eta karbono dioxidoaren zuzeneko zein zeharkako emisioen %37 eragiten dituzte. Europar Batasunak (EB) 2030erako 35 milioi eraikin birgaitzeko helburua ezarri du, baina sektoreak erronka handiak ditu oraindik: langile espezializatuen eskasia, kostu handiak eta eskuz egin beharreko lanekiko mendekotasuna, horietako askok arrisku handiak baitituzte.

Testuinguru horretan, IDEKO zentro teknologikoak Europako Shieldbot proiektua gidatu eta koordinatzen du. Fabrikazio aurreratuan eta industria-produkzioan aplikatutako I+Gan erreferente den zentroak eraikinen birgaitzea eta mantentze-lanak eraldatu nahi ditu, robotika aurreratua, adimen artifiziala eta material jasangarriak uztartuz.
Europar Batasuneko Horizon Europe programaren Klima, Energia eta Mugikortasun arloaren barruan finantzatutako ekimenaren helburua eraikinen birgaitze energetikoa bizkortzea eta sektorearen emisioak nabarmen murriztea da. Horretarako, barrualdeetan zein fatxadetan isolamendu-, ikuskapen- eta muntaketa-lan konplexuak egiteko gai diren soluzio automatizatuak garatu eta baliozkotuko dira.
Partzuergoaren koordinazio zientifiko eta teknikoaren arduradun gisa, IDEKOk proiektuaren zuzendaritza hartuko du bere gain, eta mekatronikan, makinen dinamikan, bibrazioen kontrolean eta sentsorika aurreratuan duen ezagutza eraikuntza-sektorera eramango du.
«Gure ekarpena sistema robotikoei behar duten egonkortasuna, doitasuna eta egokitzeko gaitasuna ematea izango da, eraikuntza-obretan ohikoak diren ingurune aldakorretan, geometria desberdinekoetan eta egituratu gabeetan segurtasunez eta eraginkortasunez lan egin dezaten», nabarmendu du Iker Mancisidor, IDEKOko ikerlariak.

IDEKOren ikerketari esker, robotek ingurunea modu adimentsuan hauteman eta harekin elkarreragin ahal izango dute, baita beren portaera lanaren baldintzetara egokitu ere. Horrela, panel isolatzaileak jartzeko eta eraikinen kanpo-estalkiak konpontzeko lanetan, langileen ahalegin fisikoa eta lan-istripuen arriskua murrizten lagunduko dute.
Benetako inguruneetan baliozkotuko diren hiru plataforma robotiko
Hiru urteko iraupenean, Shieldbotek elkarren osagarri diren hiru plataforma robotiko baliozkotuko ditu benetako inguruneetan: barrualdeetako muntaketa-lanetarako robotika malguan oinarritutako sistemak; fatxadak ikuskatzeko dronak eta robot eskalatzaileak uztartzen dituzten soluzioak; eta kanpoaldeko isolamenduak ohiko aldamiorik gabe instalatzeko kable bidez gidatutako robot paraleloak.
Lan horien kudeaketan biki digitalak eta BIM ereduak (Building Information Modelling) erabiliko dira, adimen artifizialeko algoritmoen bidez optimizatuta.
Era berean, ikerketak jatorri biologikoko isolatzaileak eta material birziklatuak erabiltzea aurreikusten du, obretan sortzen diren hondakinak murrizteko eta ekonomia zirkularreko ereduak sustatzeko.
IDEKOrekin batera, proiektuko partzuergoan sei herrialdetako beste hamar erakundek parte hartzen dute, I+Gko zentroak, unibertsitateak eta enpresak tartean: DFKI eta RPTU (Alemania), Nottinghamgo Unibertsitatea (Erresuma Batua), Nanteseko Unibertsitatea eta CNRS (Frantzia), Robotnik (Espainia), Bouygues Construction eta NEO-ECO (Frantzia eta Ukraina), eta AUSTRALO (Estonia).
Ekimen honen bidez, IDEKOk Europako I+G proiektu handien lidergoan duen posizionamendua sendotzen du, balio erantsi handiko teknologiaren transferentzia indartuz eta trantsizio energetikoarekin zein industriaren eraldaketa digitalarekin duen konpromisoa berretsiz.