ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

IDEKOk ikerketarako duen gaitasuna indartu du, doktore berri batekin

IDEKOk ikerketarako duen gaitasuna indartu du, doktore berri batekin
  • Lander Urgoiti ikertzaileak Cum Laude bikaina lortu du aurpegien artezketa, aeronautikaren sektorerako eta automobilgintzarako piezen akabera prozesua, aztertuz egin duen doktorego tesia irakurri ondoren.

IDEKO zentro teknologikoak giza kapitalaren aldeko apustu sendoagoa egin du, eta beste doktore bat sartu du bere plantilan. Lander Urgoiti ikertzaileak, erakundeko Fabrikazio Prozesuen arloan lan egiten duenak, Cum Laude bikain bat lortu berri du bere tesiaren irakurketan; aurpegien artezketa aztertzera zuzendutako tesia izan da.

Horrela, IDEKOk orain 35 doktore ditu guztira; hau da, bere plantilaren %32 doktoreak dira, duela hamarkada bat erregistratutakoa (%13) baino portzentaje nabarmen handiagoa, beraz. Urgoitiren doktore lana mugarri berria da maila zientifiko handiko profilez hornitzeko erakundeak prestakuntzaren alde egiteko duen bokazioan.

Urgoitik urriaren 22an aurkeztu zuen bere doktore tesia, "Aurpegien artezketaren analisi numeriko eta esperimentala, prozesuaren portaera termikoari begira" izenekoa. David Barrenetxeak (IDEKO) eta Jose Antonio Sanchezek (UPV/EHU) zuzenduta garatu zen azterketa.

Ikerlanak, zehazki, aurpegien artezketa aztertzen du, zeinak ekoizpenerako erronka bat planteatzen baitu; izan ere, urradura bidezko mekanizazio prozesu bat da eta kalte termikoak eragiteko joera berezia du. Gainera, artezketa ekoizpen prozesuaren amaieran kokatzen den eragiketa bat denez, prozesu horretara iristen diren piezek merkatuko azken balioa dute ia.

Perdoi geometrikoei eta gainazaleko akaberari lotutako eskakizunak gero eta gehiago direnez, artezketa etengabe ikertzen eta garatzen ari den prozesua da. Ekoizpen bolumen handiko industrietan (automobilgintzan, adibidez) eta balio erantsi handiko industrietan (aeroespazialean, adibidez) asko erabiltzen den eragiketa da. Bi kasuetan, piezetan egiten diren prozesuen gaineko ezagutza teoriko eta praktiko handia behar da. Hala ere, artezketari buruzko ezagutza mugatua da oraindik, eta gutxi dokumentatuta dagoen zerbait da.

Bere tesian, prozesu horren portaera aztertu du Urgoitik, prozesuaren bi teknika nagusietan: harri angeluarrekin eta harri zuzenekin, eskala orokorrean eta xehetasunetara joz, Danobat makinen fabrikatzaileak planteatutako gai eta arazo zehatzei erantzuteko.

Bi tekniketako bakoitzaren analisia, lehenik eta behin, zinematikaren eta horietako bakoitzaren ondorio termo-mekanikoen azterketara bideratu da. Horretarako, abiarazteko mekanismo lokaletan oinarritutako eredu zinematikoak garatu dira, hau da, kontaktu eremuko puntu bakoitzean gertatzen dena zehatz-mehatz aztertu da. Gainera, eredu termikoak erabili dira, eta, horiei esker, artezketa baldintzek eremuko puntu bakoitzean duten ondorioa aztertu ahal izan da, bai eta maila globalagoko ondorioak ere, hala nola pieza osoaren hozketan edo berrelikadura termikoaren balizko efektua.

Eredu horiek planteatutako hipotesiak baliozkotzeko, aurpegiak artezteko probak egin dira, bi teknikak erabiliz, oso artezketa baldintza desberdinetan. Horrela, portaera energetikoa ezartzea lortu da oldarkortasunean oinarrituta, bai eta baldintzek harriaren higadura progresiboan duten eragina ere. Era berean, artezketa parametroek kalte termikoan duten eragina aztertu da, eta erreketaren muga tenperaturaren eta teknika bakoitzaren ukipen denboraren arteko erlazioa ezarri da.

Tesi honetako lanari esker, egiaztatu da aurpegiak artezteko prozesu osoan tenperaturaren neurketak eta kontrolak duten garrantzia, eta tenperaturen neurgailu espezifiko bat garatzea proposatu da, askoz zehatzagoa eta aurpegiak artezteko prozesua optimizatzeko berehalako neurketa ahalbidetzen duena.

KATEGORIAK