Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak
Ekainaren 13tik 15era bitartean, Gijonen izango da zentro teknologikoa, MATCOMP azokaren XV. edizioan eta garraio-industrian erabiltzen diren piezen ekoizpena optimizatzeko bi irtenbide aurkeztuko ditu.
Javier Vallejo eta Arkaitz Uriarte ikertzaileek automobilgintzako osagaien ekoizpena handitzeko teknologia eta industria aeronautikoaren eraginkortasuna hobetzeko sistemak erakutsiko dituzte.
AEMACek eta Oviedoko Unibertsitateak antolatuta, material konposatuen ikerketan, garapenean eta aplikazioetan izandako berrikuntzarik berrienak azalduko dira kongresuan.
IDEKO zentro teknologikoa, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) eko kide dena, MATCOMP Material Konposatuen Espainiako Elkarteak ( AEMAC ) Oviedoko Unibertsitatearekin batera antolatzen duen Kongresu Nazionalean izango da, ekainaren 13tik 15era, Gijongo Kongresu Jauregian (Asturias).
Urtero, konpositeen alorreko ikertzaileak eta enpresak biltzen ditu ekitaldiak. Material konposatu horiek erresistentzia handia dute trakzioarekiko, inpaktuarekiko eta konpresioarekiko, eta, arintasunari esker, mugikortasun ‘berdeagoa’ garatzeko aliatu handiak dira.
Estatu mailako konpositeen azken aurrerapenak hiru egunetan aurkeztuko dira kongresuan. Era berean, MATCOMP konpositeetako profesionalentzako foro handi bihurtu da, eta han ezagutzak partekatu ahal izango dituzte aeronautika eta automobilgintza bezalako sektoreak izan behar dituzten erronkei aurre egiteko.
UV ontzea denborak murrizteko
IDEKO, konpositeen fabrikazio-prozesuen ikerketan, diseinuan eta garapenean erreferente dena, ekitaldiaren babeslea da, eta bi soluzio aurkeztuko ditu pieza horien ekoizpena optimizatzeko eta bizitza osoan monitorizatu ahal izateko.
Lehenik eta behin, hilaren 13an, 18:15ean, Javier Vallejo IDEKOko Fabrikazio Prozesuen taldeko ikertzaileak Ontze ultramoreko piezak fabrikatzeko prozesu batean ontzeko denborak zehazteari buruzko hitzaldia emango du. Hitzaldi horretan, ontze ultramorean (UV) aurrebustitako soluzioan oinarritutako irtenbide bat proposatuko du, trenaren industrian erabiltzen diren piezen ekoizpen-prozesuak optimizatzeko.
Ontze termikoko erretxinekin egiten direnean, ohiko ontze-itxaronaldiak 48 ordukoak izan daitezke. Horren aurrean, ontze ultramorearen teknologia (UV) aukera ona izan da epeak laburtzeko, itxarote-denborak %60 murriztuz ohiko ontze-metodologiarekin alderatuz. Hala ere, teknika hori erabiltzen denean, kontuan hartu behar da osagaiaren geometria, ontze-prozesua UV lanpara batekin egiten baita, eta erradiazioaren intentsitatea aldatu egiten da aplikatzen den distantziaren eta objektuaren formaren arabera.
“Estrategia bat taxutzeko eta piezaren angelu bakoitzak behar duen erradiazio eta ontze-denbora zehazteko, UV lanpara bat zehatz-mehatz aztertu da, objektuaren geometriaren eta dagoen distantziaren arabera duen eragina balioesteko. Hala, forma desberdinetako osagaien prozesuaren iraupena kalkula dezakegu, eta ekoizpena optimizatu eta handituko duen estrategia egin”, azaldu du Vallejok.
Gainera, hurrengo egunean, IDEKOko
ikertzaileak fabrikazio eta aplikazio industrialei buruzko saio bat moderatuko
du 18:00etatik 19:00etara.
Piezen bizi-ziklo osoa monitorizatzea
Bigarren hitzaldia hilaren 14an, 11:30ean, Arkaitz Uriarte ikertzailearen eskutik emango da, zentroko Fabrikazio Prozesuen taldekoa. INFINITE proiektu barruan egindako ikerketa bati buruz ihardungo du, hegazkinak bere bizitza osoan monitorizatzeko, industria aeronautikoaren eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetzeko sistema bat aurkeztuko da, hegazkinen bizi-ziklo osoa monitorizatzeko egitura-piezetan hari gabeko sentsoreen bidez.
Nola funtzionatzen du teknologia horrek? Sentsore eta analizatzaileek ematen dituzten datuekin, biki digital bat sortzen da, piezaren bizitza erabilgarria eta egin diren mantentze-lanak adierazten dituena. Horri esker, osagai bakoitzaren tratamendu pertsonalizatua egin daiteke, eta zein pieza ordeztu behar diren eta zein berrerabil edo birzikla daitezkeen jakin.
Horrela, Uriartek azaltzen duen moduan, “irtenbide hau kalitatea bermatzeko sistema bat da, hegazkinetan erabiltzen diren osagaiek ezarritako estandarrak betetzen dituztela ziurtatzen duena eta, era berean, industria aeroespazialaren ekonomia zirkularraren eskaerak betetzeko baliabideak optimizatzeko aukera ematen duena”.
MATCOMP buruz
Gijongo (Asturias) Kongresu Jauregian XV. edizioa egingo du aurten MATCOMPek, material konposatuen ikerketen, garapenen eta aplikazioen nobedadeak aurkezteko.
Hiru egunez, konpositeen arloko adituek ponentziak, mahai-inguruak eta erakusketak aurkeztuko dituzte lankidetza eta berrikuntza sustatzeko. Horien artean daude Karbonoaren Zientzia eta Teknologiaren Institutua (INCAR-CSIC) eta Gijongo OLMAR, S.A. enpresa, AEMACeko kideak.
IDEKOri buruz
IDEKO euskal zentro teknologikoak, BRTA aliantzako kideak, 35 urte baino gehiagoko ibilbidea du, fabrikazio aurreratuari aplikatutako teknologia berriak ikertzen, garatzen eta berritzen, bereziki doitasunezko makinetan eta prozesuetan eta manufacturing-ari aplikatutako adimen artifizialean.
I+G+B jarduera enpresa-sarearen lehiakortasunari lagunduko dioten irtenbide berritzaileak eskaintzera bideratuta dago, eta 4 ikerketa-talde ditu ardatz: dinamika eta kontrola, fabrikazio-prozesuak, IKTak eta automatizazioa eta diseinua eta doitasun-ingeniaritza.