Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak
IDEKO zentro teknologikoak Miraged programan parte hartzen du, produkzio-sistemak modelizatzeko, simulatzeko eta iragartzeko soluzioak hobetzeko ekipoen eta prozesuen erreplika birtualak garatzea helburu duena.
Proiektuak Cervera programaren laguntza du, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren mendeko Garapen Teknologiko eta Industrialerako Zentroak (CDTI) sustatua.
Ekimenak Cervera Bikaintasun Zentroaren izendapena ematen dio IDEKOri Eredu Birtualetan eta Biki Digitaletan.
Produktu batek, makina batek edo produkzio-prozesu batek martxan jarri aurretik, edo are diseinatu eta fabrikatu aurretik, nola funtzionatuko duen aurreikustea abantaila ukaezina da, gerta daitezkeen akatsei aurrea hartzeko eta kostuak aurrezteko aukera ematen baitu.
Hori lortzeko, funtsezkoa da modelizazio- eta simulazio-sistemen garapenaren alde egitea, teknologia digitalen bultzadari esker aurrerapen nabarmena izan duen arloa baita.
Testuinguru horretan garatzen da Miraged programa, IDEKO Cervera Bikaintasun Zentroa dela ziurtatzen duen ekimena. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren 2019ko Cervera Bikaintasuneko Zentro Teknologikoentzako Laguntzak programaren barruan sartzen da. Programa hori Garapen Teknologiko eta Industrialerako Zentroak (CDTI) sustatzen du, ikerketa aplikatuko zentro teknologikoen eginkizuna indartzeko.
Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den IDEKO zentro teknologikoak ekimen honetan parte hartzen du, makinen eta fabrikazio-prozesuen modelizazio-, simulazio- eta aurreikuspen-sistemen garapenean parte hartzen duten erakundeen gaikuntza hobetzeko asmoz. Horretarako, eredu birtualak eta biki digitalak sortzen ditu, diseinatu eta ondoren optimizatu ahal izateko.
Lan-sarearen
barruan 3 jarduera tekniko definitu dira. Lehenengo jarduera "fabrika
birtualak" garatzera bideratuta dago. Bertan, fabrikazio-prozesuen
portaera simulatzeko ereduak garatuko dira; besteak beste, beroan konformatzea,
soldatzea, mekanizatzea, arteztea, indukzio bidezko tenplatzea eta ikuskapen
ez-suntsitzailea. Bigarren ikerketa-lerroko aurrerapen teknikoek honako helburu
hauek izango dituzte: zerbitzuan akats bat hasiko dela iragartzea, arrakalen
hedapena eta sistemaren geratzen den bizitza erabilgarria iragartzeko ereduak
eta portaera dinamikoko ereduak garatzea. Hirugarren jarduera, berriz,
aurretiazko jardueretan garatutako ereduak biki digitaletan integratzea izango
da.
Horrez gain, zentro teknologikoek ikertzaileen prestakuntzan, eta emaitzen
hedapenean lan egingo dute, bai eta industria-sektorerako transferentzia
teknologikoa bultzatzeko ekimen espezifikoetan ere.
"Gaur egun,
ekoizpen-sistemen erreplika birtual bat sor daiteke, makinetatik eta
prozesuetatik datozen datu errealekin denbora errealean eguneratzeko gai dena.
Erreplika birtual horiei biki digitalak edo digital twins esaten zaie ",
esan du Jose Luis Lanzagorta Miragedeko arduradunak.
Biki digitala produktu baten edo prozesu baten kopia birtual bat da, zeinean
datuak denbora errealean sartzen baitzaizkio, Big Datarekin lotutako sentsoreen
edo teknologien bidez jaso daitezkeenak. Informazio hori bildu ondoren, Adimen
artifiziala, Cloud Computing eta Machine Learning erabiliz prozesatzen da,
nolabait ere bizitza propioa duen biki bat lortzeko, hobekuntzak sartzeko eta
gaitasunak optimizatzeko orduan.
"Irtenbide horiek aukera ematen dute prozesu batek egoera jakin batzuen
aurrean duen erreakzioa aztertzeko eta errendimendua eta eraginkortasuna
hobetzeko. Gainera, arazoak gertatu aurretik detektatzea lortzen dute, eta,
beraz, ahalmen handia dute mantentze-lanak planifikatzeko, funtzionamendu
eraginkorragoko eszenatoki berriak eraikitzeko, fabrikazio plan berriak
garatzeko edo etorkizunerako aurreikuspenak egiteko", gaineratu du
Lanzagortak.
Biki digitalek datu
gehigarriak eskain ditzakete sentsorizazio birtualari esker, sistema
erreplikatuaren portaerari buruzko datu sintetikoak sor ditzakete, sistemaren
egoera eta bizitza erabilgarria zehaztu eta makinen kudeaketan eta sistemetan
erabakiak hartzea erraztu dezakete adimen artifizialeko algoritmoetan
oinarrituta.
Industriaren erronka nagusia teknologia berri horiek guztiak barneratzeko eta
produkzio-prozesuetan txertatzeko gaitasuna garatzea da. Horrela, datu ugari
aztertu eta informazio bihurtu ahal izango lirateke, prozesua optimizatzeko eta
produktibitatea handitzeko erabaki hobeak hartzen laguntzeko.
Miraged ekimenak, 2022an
amaituko denak, 3.190.249 euroko aurrekontua du guztira, eta helburu horretara
bideratuta dago, zentro teknologikoen gaitasunak indartuz, lankidetza-lanaren
bidez eta enpresekin duten lankidetza sustatuz, 4.0 industria-ingurunearen erronkei
erantzuteko.
Transferentzia teknologikoari bultzada ematea
Zehazki, IDEKO programaren helburua da garapenean bikaintasuna lortzea eta
ondoren enpresa-sarera transferitzea makina berriak eta fabrikazio-prozesu
efizienteagoak, adimentsuagoak, zehatzagoak eta ingurumena errespetatzen
dutenak sor ditzaketen teknologiak.
Ekimen horren esparruan, IDEKO erakundeak lehentasunezko helburu tekniko batzuk
identifikatu ditu, hala nola, fabrikazio-prozesuarekin elkarreragina izango
duten eredu aurreratu berriak garatzea, instalazioan aplika daitezkeen biki
digitalak abian jartzeari esker. Eredu eta biki horiek erakundearen
espezializazio-arloetan garatuko dira, hala nola, artezketa, ikuskapen
ez-suntsitzailea, distortsioen kontrola eta makinen eta prozesuen dinamika eta
kontrola.
Teknologia-zentroak
proiektu honetan definitutako beste ardatz batzuk honako hauek dira: inpaktu
handiko jarduera teknologikoak sustatzea, zabaltzea eta abian jartzea, enpresei
teknologia-transferentzia handiagoa ahalbidetzeko, ikerketa zientifiko-teknikoko
jardueraren kalitateagatik nabarmentzeko eta ekoizpen-sarearekiko lankidetzek
duten eragina indartzeko.
Era berean, erakundeak esperientziak trukatzeko eta lankidetzan aritzeko
plataforma batean parte hartu nahi du, baliabideak eraginkortasunez
optimizatzeko, emaitzak zabaltzeko eta garatutako jarduerak sustatzeko.
IDEKOren presentziaz gain, Miraged taldea beste 4 ikerketa-zentrok osatzen
dute; Ikerlan (koordinatzailea), Ceit, CTC eta Idonial.