ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

Fabrikazio Aurreratua negozio berrien eragile gisa

Fabrikazio Aurreratua negozio berrien eragile gisa



IK4-IDEKO fabrikazio aurreratuko proiektuen teknologiak merkatura modu optimizatuan transferitzea helburu duen proiektu europar batean parte hartzen ari da


Industria sektorea Europako BPGd-ren %16 inguru da, eta berrikuntzarako, produktibitaterako, hazkunderako eta lanpostuen sorrerarako funtsezko faktorea izaten jarraitzen du, 30 milioi pertsona baino gehiago ari baita sektore horretan lanean. Testuinguru horretan, Europar Batasunak I+G+B alorrean dituen apustu estrategikoen artean kokatu du Fabrikazio Aurreratua, eta Factories Of the Future (FoF) ekimenaren modukoak abiarazi ditu, profil teknologiko eta errendimendu handia duten eta ingurumenarekin errespetutsuak eta sozialki iraunkorrak diren industriak lortzeko asmoarekin.


Helburu teknologikoak betetzearen ikuspegitik, Etorkizuneko Fabrikaren proiektuek emaitza optimoak lortzen badituzte ere, Europako Batzordeak uste du espektatiben azpitik daudela, lortutako aurrerapenetatik manufakturako industriek bereganatu dituztenak gutxi direla ikusita, eta funtsezkotzat jotzen du proiektuen emaitzek benetako eragina izatea, hazkunde iraunkorra, lehiakortasuna, dibertsifikazioa eta lanpostu berriak eragiteko.


Erronka horri erantzuteko, IK4-IDEKO euskal zentro teknologikoa FOCUS proiektu europarrean parte hartzen ari da, Fabrikazio Aurreratuan espezializatuta dauden erakundeek bat egitea eta elkarlanean aritzea bultzatzeko asmoarekin, erakunde horiek elkarrekin teknologiak modu eraginkorrean ustiatu eta enpresetara eta merkatura transferitzea ahalbidetuko duten ekimenak abiarazi ditzaten. Ekimenean nazioarteko 11 bazkidek eta sektoreko bost klusterrek parte hartzen dute.


Europar Erkidegoak finantzatutako proiektuetatik lortu diren emaitza ustiagarrien gaineko lehen ebaluazioek erakusten dutenez, proiektuak garatzen dituzten partzuergoek aplikatzen dituzte izandako lorpenak. Halere, oraindik zaila izaten da proiektuetatik kanpo ikerketa horien emaitzak erabili dituzten eragileak identifikatzea.
Egoera horri buelta emateko, FOCUS proiektuak teknologien ustiapenean eta merkaturako transferentzian antzeman diren ahulguneak desagerraraztea bilatzen du, besteak beste ahulgune hauek: antolatutako ibilbide orririk ez egotea, proiektuen emaitzak enpresa ehunera eramatea lortzeko, edo izandako lorpenen dibulgaziorik ez egotea.


Metodologia berria
IK4-IDEKOk proiektuan zehar lortutako I+G alorreko emaitzen hedapena eta ustiapena hobetzen zein negozio eredu berrien azterketa eta bideragarritasuna egiten lagunduko duen metodologia jarriko du proiekturako ekarpen gisa.
Era berean, IK4-IDEKO Zero Defects Manufacturing klusterra, FOCUSen ordezkatutako bostetako bat, bultzatzeaz arduratuko da. IK4-IDEKOren lana izango da fabrikazio paradigma horrekin garatutako teknologien oinarrizko ildoa identifikatzea eta adituekin hainbat elkarrizketa egitea. Proiektuan zehar, kluster-liderrek zaintza teknologikoa egin beharko dute aztergaiaren gainean egiten diren aurrerapenekin. IK4-IDEKOri eta bere INTELSUITE ekimenari esker, partzuergoak zaintza teknologikoa egiteko software profesional bat edukiko du.


Ekimena pasa den otsailaren 26an hasi zen ofizialki, eta laguntza proaktiboa emango du proiektuen emaitzak zabaltzeko, eta dibulgazio ekintzen garrantzia azpimarratuko du. Asmoa da industriei emaitzen berri ematea, albiste boletín, komunikabide eta sare sozialen bitartez, eta EFFRA Etorkizuneko fabrika europarrak Ikerketa Elkartearen modukoekin lankidetzan aritzea.


Focusen inplikatutako bazkideak hauek dira: NTNU (Norvegia), Sheffield-go Unibertsitatea (Erresuma Batua), Delcam (Erresuma Batua), IK4-IDEKO (Espainia), TECNALIA (Espainia), Centro Ricerche Fiat (Italia), Philips Consumer lifestyle (Herbehereak), Lavainako Unibertsitate Katolikoa (Belgika), UNIPD (Italia), Fraunhofer IWU (Alemania) eta Milango Politeknikoa (Italia).


Horrez gain, hauek dira proiektuan parte hartzen duten klusterretako batzuk: aipatutako Zero Defect Manufacturing (4ZDM), Clean Factories, Robotics, High Precision Manufacturing (High Micro) eta Maintenance and Support. Eragile horiek eperientziak eta praktikak partekatuko dituzte FoF proiektuen emaitzak industrian hobeto ustiatzen eta ezartzen lagunduko duten metodologiak definitzeko.

    KATEGORIAK