ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

Makina-erremintak ekoizten ari diren bitartean anomaliak denbora errealean antzemateko modu aurreratua

Makina-erremintak ekoizten ari diren bitartean anomaliak denbora errealean antzemateko modu aurreratua
  • IDEKO soluzio bat lantzen ari da makinaren osagai kritikoetan anomaliak detektatzeko eta, horrela, lantegian jarduerarik gabeko denborak murrizteko.
  • Zehazki, funtsezko osagai batean zentratzen da, makinen torloju boladunetan. Pieza garestiak dira eta bizitza baliagarri luzea dute, baina horiek hausteak makina denbora luzez geldirik egotea dakar.
  • SERRANO europar proiektuaren barruko ekimena da hau. Proiektu horretan, azpiegitura deszentralizatuak eta heterogeneoak bateratuko dira edgen, clouden eta HPCn, segurtasunean kritikoak diren aplikazioei biltegiratze ahalmena eta konputaziorako gaitasuna emateko eta zerbitzu berritzaileak ere eskaintzeko.

4.0 Industriaren kontzeptua agertu zenetik, hainbat teknika eta metodo aplikatzen ari dira fabrikazio industrialaren sektorean, helburu honekin: makina ahalik eta denbora gehien aktibo edukitzea ekoizpen kostuak murrizteko eta lehiakortasuna handitzeko. Helburu hori lortzeko, ezinbestekoa da anomaliak denbora errealean antzematea.

IDEKO zentro teknologikoa Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kidea da, eta makinaren osagai kritikoetan anomaliak detektatzeko soluzioa lantzen ari da, era horretan lantegian jarduerarik gabeko denborak murrizteko.

Zehazki, erakundeak sistema bat diseinatu, sortu eta garatuko du analisi horiek etengabe egin ahal izateko, makinak funtzionatzen jarraitzen duen bitartean. Zentzu horretan, makinen torloju boladunen anomaliak antzematea izango da bere zeregin nagusia; izan ere, torloju boladunak makinaren osagai kritikoak dira, kostu ekonomiko handikoak, eta bizitza baliagarri luzea dute, baina horiek hautsiz gero makina denbora luzez geldi egotea izan daiteke ondorioa.

"Pieza horiek ordezteko izakinak edukitzeak matxuren ondoriozko jarduerarik gabeko aldiak laburtu ditzake, baina torloju boladun bakar batek daukan kostu altua dela-eta aukera hau ez da irtenbiderik nagusia enpresa gehienentzat. Gainera, gerta daiteke osagai horiek entregatzeko epe bat bete behar izatea; beraz, baldintza horrek, teknikarien kostuei batuta, haustura arazo larri bihurtzen da enpresentzat", azaldu du Aitor Fernández IDEKOko IKTen eta Automatizazioaren ikertzaileak.

IDEKO lantzen ari den sistemarekin, "bezeroak aurretiaz baldin badaki haustura bat izan dezakeela, aurrez eska dezake pieza ordezteko unitate bat, kostuak eta makinaren erabilgarri ez dagoen denbora tartea ere murriztuta", gaineratu du Fernandezek.

Makinako anomaliak denbora errealean aurretiaz antzemateari lotuta IDEKO aztertzen ari den kasua SERRANO proiektuaren barruan kokatzen da. Europar ekimen horren helburua da hodeian oinarritutako teknologien ekosistema berri bat sartzea, tartean hardware espezializatuetako baliabideak zein softwareko tresna multzoak, eta horiekin segurtasun eta pribatutasun handiagoa eta multitenancy-a (zerbitzari berean exekutatzen diren baina bezero askori zerbitzatzen dieten aplikazioak) eskaintzea.

Proiektua plataforma orokor batean zehaztuko da. Plataforma hori hainbat sektoreri aplikatuko zaie, baina batez ere zerbitzu oso zorrotzetarako eta dinamikoetarako eta segurtasunaren aldetik inpaktu handiko ezaugarri kritikoak dituztenetarako, eskari heterogeneoak planteatzen baitituzte, hala nola hodeian biltegiratzeko zerbitzuetan, teknologia finantzarioan eta, zentro teknologikoaren kasuan bezala, fabrikazio aurreratuko prozesuetan.

Proiektuaren barruan, IDEKOren ardurapean dagoen erabilera kasuan ez ezik, beste bi erabilera kasutan ere probatuko da plataforma, datuak informazio digitalaren aurkako zibererasoetatik babesteko biltegiratze seguruari lotutako kasu batean eta denbora errealean egiten dituzten prozesu finantzario ugari modu seguruan abiarazteko beste batean.

Diagnostiko aurreratua eta optimizatua

SERRANO proiektua mantentze prediktiborako estrategiei lotuta dago. Teknika mota horiek, makinari gelditzen zaion bizitza baliagarriaren ebaluazioarekin eta makinaren elementu kritikoen diagnostikoarekin batera, gero eta maizago erabiltzen dira lantegi industrialetan. Hala ere, erabilitako soluzio batzuek oraindik ere eskatzen dute analisia egin aurretik makina gelditzea, horrek jardueran dakarren geldialdiarekin.

Oro har, makina denbora batez martxan egon ondoren gelditzen da, eta CNC izenez ezagutzen den zenbakizko kontroleko diagnosi programa bat exekutatzen da konputagailuz. "CNC programa honek aurrez zehaztutako mugimendu batzuk abiadura kontrolatuan egiteko agintzen dio ikuskatzen ari den makinari. Aurreko proben emaitzak berriekin alderatzen dira, osagaiaren egungo egoera kalkulatzeko eta erabakitzeko ea osagaia ondo dagoen eta mekanizatzen jarraitzeko moduko egoeran dagoen, edo mantentze lanen bat egin behar ote zaion, edo ordeztu beharko ote den".

Hala ere, makinaren datuak eskuratzeko erabiltzen diren maiztasun eta zehaztasun handiko sentsoreek informazio bolumen handiak sortzen dituzte, eta zaila da denbora errealean horiek denak prozesatzea edgeko konputazioa erabiliz, baliabide horien eskuragarritasun mugatua dela eta.

Jauzi hori egiteko eta aldi berean informazioaren kalitatea eta segurtasuna bermatzeko, software eta hardwareko mekanismo eta soluzio berriak erabiliko dira, hodeiko konputazioak, edgekoak eta HPCkoak -Goi Errendimenduko Konputazioa- dituzten abantailak konbinatuta.

Horrelako ingurune baten funtzionamenduak segurtasuna eta fidagarritasuna eskatzen ditu. Zentzu horretan, "SERRANOk segurtasuna eta pribatutasuna emango ditu hardware eta softwareko berrikuntza batzuetan oinarrituta, eta horri esker azken erabiltzaileek azpiegitura partekatuetan dituzten datuen osotasuna eta pribatutasuna kontrolatzeko aukera izango dute", IDEKOko ikertzaileak argitu duenez.

Greziako Institute of Communication and Computer Systems erakundeak koordinatzen  duen SERRANO proiektua 2021eko urtarrilean hasi zen, eta hiru urteko iraupena izango du. Proiektua teknologiaren munduko eta mundu akademikoko 11 bazkidek eratutako partzuergo batek osatzen du, eta Horizon 2020 europar programaren finantzaketa du.

KATEGORIAK