Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak
Zentro teknologikoak makina eta prozesu produktiboetatik datozen denbora errealeko datuak integratzeko lan zientifiko berria aurkeztu du CARV-MCPC 2025 foroan.
Industriak aurre egin behar dien iraunkortasun eta digitalizazio globaleko erronkek azpimarratzen dute beharrezkoa dela lan egiteko modu berriak bilatzea, ekoizpen-prozesuen erresilientzia indartzeko eta, aldi berean, berrikuntza teknologikoa eta antolamendukoa bultzatzeko.
Ildo horretan, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den IDEKO zentro teknologikoak parte hartu du aste honetan CARV-MCPC 2025 foroan, irailaren 9tik 12ra Alemaniako Siegen Unibertsitatean ospatutakoan.
IDEKOk "Enhancing Resilience in Smart Manufacturing: A Method for Connected Machine Networks" lan zientifikoa aurkeztu du, zentroko IKTak eta Automatizazioa ikerketa taldeak garatua.
Industria Gauzen Interneta
IDEKOko ikertzailea Elena Urkia, eta ikerketaren
ko-egilea Elena Montejo, izan dira lanaren aurkezpenaren arduradunak.
Proiektuak fabrikazio adimenduneko inguruneetan erresilientzia indartzeko
metodo berria proposatzen du, makina eta mekanizazio-prozesuetatik datozen
denbora errealeko datuen integrazioaren bidez.
"Gure irtenbidea Industria Gauzen Internetaren (IIoT) kontzeptuan
oinarritzen da, eta arriskuak eta anomaliak goiztiar detektatzeko aukera ematen
du, hutsegiteak aurreikusten lagunduz eta geldialdi-denborak murriztuz",
adierazi du Urkiak.
Lan honekin, IDEKOk sendotu egiten du bere konpromiso estrategikoa erresilientzian eta fabrikazio adimendunean berrikuntzarekin, industriaren etorkizuneko lehiakortasunerako funtsezko bi arlotan. IKTak eta Automatizazioa taldearen bidez, zentroak irtenbideak bultzatzen ditu, monitorizazio aurreratua, denbora errealeko datuen analisia eta integrazio digitala uztartuz, manufaktura-enpresei lagunduz aurrea hartzen, moldatzen eta berreskuratzen gertakari posibleen aurrean.
CARV-MCPC 2025 nazioarteko foro zientifikoak bi kongresu hartu ditu: Aldakorra, Arina, Berrantolagarria eta Birtuala den Ekoizpenari buruzko 10. Kongresua (CARV) eta Pertsonalizazio eta Neurrira Egindako Fabrikazioari buruzko 12. Mundu Kongresua (MCPC). Bertan, ikertzaileak, profesionalak eta industriako ordezkariak bildu dira ekoizpen adimendunaren, erresilientziaren eta fabrikazio pertsonalizatuaren azken aurrerapenak aztertzeko.
IDEKOk CARV-MCPC 2025en egindako parte-hartzeak erakutsi du bere ekarpenen kalitate zientifikoa, eta industriaren eraldaketa digitalean eragile nabarmen gisa kokatu du, ikerketa aurreratuaren eta aplikazio praktikoaren konbinazioak nola laguntzen duen fabrika adimendunago, erresilienteago eta konektatuagoak eraikitzen agerian utziz.