ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

Euskal partzuergo batek Europako hego-mendebaldean fabrikazioa bultzatzeko berrikuntza-sare bat jarriko du martxan

Euskal partzuergo batek Europako hego-mendebaldean fabrikazioa bultzatzeko berrikuntza-sare bat jarriko du martxan

Aernnovak, Mondragon Korporazioak, IK4k, ITP Aerok eta Tecnaliak gidatuko dute ekimena, Euskadin kokatua, eta 2019an jarriko dute martxan

Fabrikazioaren sektorea da Europaren motor nagusietako bat; bi milioi enpresa baino gehiago ditu, eta ia 30 milioi pertsonak lan egiten dute zuzenean sektore horretan. Hala ere, sektorea goitik behera aldarazten ari dira merkatuaren eta gizartearen behar berriak, aurrerapen teknologiko bizkorrak eta ingurumen- eta jasangarritasun-baldintzak. Sektorea lehiakorragoa, iraunkorragoa eta produktiboagoa izan dadin, EIT Manufacturing ekimena sortu da. Europako Batzordearen laguntza du, eta kontinente osoko 50 enpresa eta zentro teknologikok baino gehiagok parte hartuko dute, xedetzat harturik Europa mundu osoan berrikuntzaren erreferentzia bihurtzea eta enpresei laguntzea teknologia berriak bizkorrago eta modu eraginkorragoan barnera ditzaten.

Ekimen horrek berrikuntza-sare espezifiko bat izango du Euskadin, Europako hego-mendebaldeko ekoizpen aurreratuko proiektuak, prestakuntza eta ekoizpen-jardueraren dinamizazioa sustatzeko eta finantzatzeko. Aernnova, Mondragon Korporazioa, IK4 Research Alliance, ITP Aero eta Tecnalia arduratuko dira ekimena martxan jartzeaz, eta, aurreikuspenen arabera, 2019an hasiko da. Urtean 15 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izango du sare horrek, enpresei laguntzeko bai produktu berriak sortzen eta garatzen, bai lehendik dauden teknologiak aplikatzen, eta Euskadiko industria-enpresen erdiek baino gehiagok horretaz baliatzeko aukera izango dutela aurreikusten da.

Aliantzaren helburuak

Euskadiko sareak erronka hauek ditu: industriaren digitalizazioa bultzatzea eta ekoizpen arinagoa, malguagoa eta ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik iraunkorragoa lortzen laguntzea. Hala, kalitatezko lanpostuak sortzen lagunduko du, eta orobat ikasleak prestatzen, talentudun pertsonak erakartzen eta enpresek, zentro teknologikoek, unibertsitateek eta inbertitzaileek parte hartzen duten “berrikuntza-ekosistemak” sortzen.

Horretarako, euskal sareak eragileen arteko harremanak sustatzeko mekanismo berriak jarriko ditu martxan EIT Manufacturingen lehen 7 urteetan, 100 produktu berritzaile baino gehiagoren merkaturatzea bizkortzeko, 200 enpresa berri baino gehiago sortzeko eta 10.000 pertsona baino gehiago trebatzeko.

EITB Manufacturing 50 erakundek baino gehiagok zazpi urte luzetan egindako lanaren emaitza da, eta euskal partzuergoaren berariazko ekarpena erabakigarria izan da ekimenak arrakasta izan dezan. Sareak bultzatzaile eta babesle du Berrikuntzaren eta Teknologiaren Europako Institutua (EIT), zeinak sustatzen baitu prestakuntza ematen duten, I+G+Ba egiten duten eta negozio berriak sortzen dituzten berrikuntza-sareak sortzea. EITk dagoeneko sortu ditu honen antzeko komunitateak beste sektore batzuetarako, hala nola energia, ingurumena, sektore digitala, lehengaiak, elikadura eta hiri-mugikortasuna.

Aernnovari buruz

Aernnova enpresa aitzindaria da aeronautika-egiturak diseinatzen eta fabrikatzen, eta hornitzaile garrantzitsua da mundu osoko aireontzi-fabrikatzaile nagusientzat. 2017an, 680 milioi euro baino gehiago fakturatu ditu, eta 4.500 langile izan ditu; Espainian, Mexikon, Estatu Batuetan, Brasilen eta Errumanian dihardu, eta lankidetza-hitzarmenak ditu Indian eta Txinan.

Mondragon Korporazioari buruz

Finantza-, industria-, banaketa- eta ezagutza-arloetan jarduten duten 250 enpresak baino gehiagok osatzen dute MONDRAGON. Nazioarteko agerpen zabala du, eta badu berrikuntza-ekosistema bat, non interakzioan aritzen baitira negozioak, ikerketa-zentroak eta unibertsitatea.

IK4ri buruz

IK4 zentro teknologikoen aliantza pribatua eta independentea da, eta erreferentzia Europan teknologia-alorrean. Euskadiko 6 erakunde hauek osatzen dute: AZTERLAN, CEIT, IDEKO, IKERLAN, LORTEK eta TEKNIKER. IK4 Research Allianceren helburua da bere bazkideen ezagutza zientifiko-teknologikoa sortzen, eskuratzen eta transferitzen laguntzea, enpresen lehiakortasuna eta gizartearen aurrerapena hobetzeko.

ITP Aerori buruz

ITP Aero motor eta osagai aeronautikoen munduko bederatzigarren konpainia da. 3.600 langile baino gehiago ditu sei herrialdetan, eta bere jardueren artean ditu aeronautikako motorren diseinua, ikerketa eta garapena, fabrikazioa eta galdaketa, muntaketa eta probak. ITP Aerok erakunde korporatibo gisa jarduten du Rolls-Royce taldearen barruan.

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. 

    KATEGORIAK