ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

Adimen artifiziala, industriako enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna bultzatzeko

Adimen artifiziala, industriako enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna bultzatzeko
  •       IDEKO Europako proiektu batean parte hartzen ari da, manufakturako ETEen lantegietako prozesua, mantentze lanak eta ekoizpena hobetzeko sistema integratuak eta ziberfisikoak garatzeko
  •       Zentro teknologikoa Basque Digital Innovation Hub sarearen ordezkari gisa parte hartzen ari da ekimenean. Sare horren helburua da euskal enpresa txiki eta ertainei 4.0 industriaren erronkei aurre egiteko gaitasun teknologikoak ematea
  •       Proiektuak aeronautikaren sektorean jarriko du arreta, pandemiak gehien kaltetu duenetako batean, alegia


Manufakturako enpresa txiki eta ertain industrialetan informazioaren eta komunikazioaren teknologien aplikazioak oraindik asko du hobetzeko. Fabrikazio lantegiak 4.0 garapenak eta industria sartzen hasi dira beren ekoizpen egituran, baina oraindik ez diete irtenbide horiei etekinik handiena ateratzen.

IDEKO zentro teknologikoa Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kidea da, eta M-AID proiektu europarrean parte hartzen ari da. Adimen artifizialak bultzatutako sistema integratu eta ziberfisikoak (CPES) garatu eta inplementatzera bideratutako ekimena da, eta manufakturako enpresa txiki eta ertainei laguntzea du helburu, beren jarduera hobetu dezaten lantegiko prozesuaren, mantentze lanen eta ekoizpenaren ikuspegitik.

Proiektua 2020aren bukaera jarri zen abian eta 2020ko apirilean bukatuko da, eta adimen artifizial (AA) hibridoan oinarritutako sistemak aplikatuko ditu, izan ere, adimen artifizial hibridoari esker gaur egun ekoizpen prozesuaren egileek, hala nola planifikatzaileek, makinetako langileek, kalitate kontrolekoek edo mantentze lanetakoek, eskura ez duten informazioa edukiko dugu.

“Proiektuaren esparruan garatutako CPES sistemek fabrikazio lantegien optimizazio kognitiboa ahalbidetuko dute, prozesuaren parametroak optimizatuz, makinaren erabilgarritasuna maximizatzeko mantentze lanen programazioa eginez eta instalazioaren produkzioaren antolaketa bideratuz", ziurtatu du Alex Iglesiasek, IDEKOn proiektua koordinatzen duen pertsonak.

Fabrikazio Aurreratuan espezializatutako Zentro teknologikoa Basque Digital Innovation Hub (BDIH) sarearen ordezkari gisa parte hartzen ari da ekimenean. Sare horren helburua da euskal enpresa txiki eta ertainei 4.0 industriaren erronkei aurre egiteko gaitasun teknologikoak ematea.

Ekimenean, BDIHren jarduera nagusia izango da proiektua gauzatzeko behar diren instalazioak prestatzea, M-AIDen garapenak kanpoko enpresa txiki eta ertainekin, plataforma teknologikoekin eta interesa duten taldeekin partekatzeaz gain.

Proiektuak irauten duen bitartean garatutako teknologiak BDIHen egongo dira eskuragarri, proiektua amaitzen denetik gutxienez bi urtera, eta horrek proiektuaren emaitzen hedapen eta ustiapen luze eta iraunkorra ekarriko du.

"IDEKOk, sare honetako kide den aldetik, ETEen digitalizazioa ezagutzari eta balio erantsi handiagoko jarduerei dagokienez intentsiboagoa den fabrikaziora bideratzea du helburu", gaineratu du XXX(e)k.

Zehazki, erakundearen IKTak eta Automatizazioa ikerketa taldeak fabrikazio aurreraturako teknologien garapenean, makinen monitorizazioan eta Big-Data analisian duen esperientzia jarriko du. Gainera, Dinamika eta Kontrol Sailak fabrikazio prozesuen dinamikari buruzko ezagutza eskainiko du, ekoizpen makinetan integratutako CPES sistemak arautuko dituzten adimen artifizialeko algoritmoak definitzeko. Azkenik, fabrikazio prozesuen taldeak lantegiko produkzio kudeaketa optimizatzen eta aginte taulak zehazten lagunduko du.

Proiektuaren partzuergoko partaide dira, halaber, Aeromec sektore aeronautikorako osagaien mekanizazioan espezializatutako enpresa eta Savvy fabrikazio industrialerako Big Data soluzioetan espezializatutako konpainia.

Beste urrats bat gehiago Adimen Artifizialean

Datuak prozesatzeko, makinek eta sistema integratuek eskainitako datu kopuru handia atzemateko dauden azken IKT teknologiak integratuko ditu M-AID ekimenak; bertan, AA hibridoa erabiliko da, AA tradizionalaren ordez, analisi prediktiboko eta aginduzkoko soluzioak konbinatuz.

Hori lortzeko, aldizkako jarraipen batean oinarritutako datuak prozesatzeko algoritmoak sartuko dira, makinaren eta prozesuaren aztarna digitala lortzeko asmoz, bai eta etengabeko monitorizazioa ere, mekanizazio prozesuetan gerta daitezkeen egoera problematikoak detektatzeko.

Jarraipen prozedura horiek CPES sistemen babesa izango dute, eta informazio zehatza ateratzeko hainbat aukera emango dituzte. Inplementatutako sistemaren analisiaren datuek ekoizpen prozesuan sartzen diren datu ugari aztertuko dituzte, informazio garrantzitsuena aterako dute dimentsio murrizketa bezalako metodoak erabiliz, eta ikaskuntza algoritmoak aplikatuko dituzte makinaren portaera aurreikusteko eta prozesua optimizatzeko.

“Sistema horrek prozesuaren kalitateari buruzko informazio erabilgarria emateaz gain, orain arte eskuragarri ez dauden beste aldagai batzuk ere eskainiko ditu, hala nola ebaketa tresnek mekanizazio prozesuetan duten higadura maila edo makinaren hurrengo geldialdi edo arazo baterako arrisku adierazlea. Horrela, garatutako sistemak prozesuen optimizaziorako, mantentze prediktiborako eta produkzioaren plangintzarako erabakiak hartzeko euskarria eskainiko du ", gehitu du Alexek.

Aeronautikaren sektorean arreta jarrita

M-AID proiektuaren erabilera kasua industria aeronautikoan oinarrituko da, covidaren pandemiak gehien kaltetutako sektoreetako bat izan baita. Gaur egun bizi duen egoera zailak aukera ona ematen du digitalizatutako CPES sistemen integrazioan oinarrituta berriro abiarazteko. Zehazki, konpresore aeroespazial bat fresatzeko prozesua aztertuko du proiektuak.

Aeronautikaren sektorea balio erantsi handiko industria da, eta garrantzi handia du Europako manufaktura industrian. 561.000 pertsonari ematen die enplegua, eta 171.700 milioi euroko fakturazioa lortu zuen 2018an. Sektoreak oso arau zorrotzak jarraitzen ditu kalitatea bermatzeko eta alferrikako ekoizpenak saihesteko, horiek askotan fabrikazio prozesu ez eraginkorretara eramaten baitute.

Aireontzietan CPES sistemak erabiltzea joera arrunta den arren, fabrikazio prozesua oraindik ez dago digitalki oso garatuta eta teknologia tradizionaletan oinarrituta dago. Beraz, fabrikazio digitalean eta prototipatuan azken aurrerapenak baliatuz hornikuntza kate tradizionala egokitzeak aukera izugarria ematen du ekoizpen prozesua hobetzeko, kalitatea eta segurtasuna arriskuan jarri gabe.

"Horrela, ekoizpen prozesua azkartu daiteke, eta azkenean eraginkortasuna areagotu eta kostuetan gehiago aurreztu", esan du bukatzeko Iglesiasek.

KATEGORIAK