ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

Makina handiak eta jasangarritasuna, makina-erremintaren etorkizunerako gakoak

Makina handiak eta jasangarritasuna, makina-erremintaren etorkizunerako gakoak

IK4-IDEKO eta IK4-TEKNIKERek  beren espezializazio-lerro batzuk aurkeztuko dituzte bihartik eta ekainaren 14ra bitartean Donostian egingo den Makina eta Erremintaren XIX. Biltzarrean

Makina-erremintaren sektorea sektorerik esportatzaile, globalizatu eta berritzaileenetakoa da euskal ekonomiaren barruan. Krisi ekonomikoak eta nazioarteko lehia gero eta handiagoak bultzatuta, makina-erremintaren sektorea azkar espezializatu da, zentro teknologikoetako gihar berritzaileak elikatuta. Hori dela eta, IK4-IDEKO eta IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak -IK4 Aliantzako kideak- erreferentzia garrantzitsuak dira makina-erremintaren estatuko fabrikatzaileentzat berrikuntzak eta garapen berriak bilatzeko prozesuan.

Horregatik, bihartik eta ekainaren 14ra bitartean Donostiako Parke Teknologikoan egingo den Makina Erremintaren eta Fabrikazio Teknologien XIX. Biltzarrean hainbat saioz osatutako mahai bana aurkeztuko dute, beren espezializazio-lerro batzuen azken eguneratzeak eskaintzeko.

Biltzarraren lehenengo egunean, Makina Erremintako Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak (AFM) antolaturik, IK4-TEKNIKERek "Makina handiak, diseinua eta doitasuna" mahai espezializatua aurkeztuko du. Goizean, IK4-TEKNIKEReko taldekideek zentro teknologikoan egindako azken garapenak azalduko dituzte, alor hauetakoak: doikuntzaren posizionamendua, tamaina handiko makinen analisi dinamikoa eta buru anitzeko laser bidezko ebaketa-makinak.

Bestalde, IK4-IDEKOk "Jasangarritasuna. Ekipoak eta prozesu jasangarriak" izenburuko mahaia aurkeztuko du hurrengo egunean. Zentro teknologikoko teknikariek arlo hauetako garapen puntakoenak azalduko dituzte: egitura-osagai eraginkorrak, partikula magnetikoen bidezko ikuskapenentzat alternatiba jasangarriak eta hozte jasangarria.

Makina handiak, lehiarako bidea

Makina-erremintaren sektoreko joerarik aipagarrienetakoa da gero eta makina handiagoak fabrikatzen direla, eta hori bide bat izan daiteke merkatu sortuberriekin lehiatzeko eta tokiko industriak berrikuntzarako duen gaitasuna agerian uzteko.

Tamaina handiko piezak fabrikatzeko, makina-erremintaren fabrikatzaileek eskala berri batean egin behar dituzte diseinuak, eta makina handi horien doitasunak txikiagoen maila berekoa izan behar du. Horregatik, IK4-TEKNIKERek espezializazio hori hautatu duten fabrikatzaileen eskura dauden garapen batzuk aurkeztuko ditu biltzarrean.

Zentro teknologikoak laser bidezko multilaterazioaren eskema batean oinarritutako irtenbideak aurkeztuko ditu; eskema hori merkeagoa da, eta, gainera, neurketa-denbora eta makinekiko interferentzia termikoak murrizten ditu. Beste alde batetik, IK4-TEKNIKEReko teknikariek makina birtual bat aurkeztuko dute; makinak osotasunean duen portaera dinamikoa aztertzen du, eta prestaketa-lanetan egiten diren proba berak egiten ditu.

Gainera, zentro teknologikoak buru anitzeko eta portiko erako arkitekturako laser bidezko ebaketa-makina bat aurkeztuko du, Lazpiurrekin batera garatutakoa.

Ekologia patente berrientzat

IK4-IDEKOk apustu sendoa egin du jasangarritasunaren alde, makina-erremintaren sektoreko ikerkuntzarako ardatz zuzendari gisa; urteetan zehar garatutako gaitasunetako batzuk elkartzen ditu sektore horrek. Berrikuntza horietako batzuek eraginkortasun ekologiko handieneko mekanizazio-prozesuak (hozte optimizatua, "Minimum Coolant Grinding") garatzen dituzte, eta, kasu batzuetan, patente berriak atera dira haietatik.

Berrikuntza horiek izango dira zentro teknologikoak biltzarrean antolatutako sei hitzaldietako protagonistak. IK4-IDEKOko ikertzaile-taldeak arlo hauei buruzko hitzaldiak emango ditu: produktibitatea eta eraginkortasuna handitzea, artezketa-eragiketetan hozte-baldintza hoberenak aplikatuz; pita eraginkorren erabilera; eta ingurumen-komunikaziorako arauak fresatzeko makinentzat.

IK4-IDEKOk jasangarritasunaren alde egiten duen apustuaren erakusgarri dira Technological Award sari ospetsuen ekitaldian kategoria absolutuan eta "Green Manufacturing" (fabrikazio berdea) kategorian lortutako "Manufacturer of the Year" sariak, eta baita lortutako BlueCompetence Zigilua ere -makina-sektorearen Europako ekimena, jasangarritasunarekin bat egiten duena-.

    KATEGORIAK