Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak
Europa mailako robotikaren erreferentzia da IK4, eta, nagusiki, fabrikazioaren, azpiegituren, baliabide naturalen, industria berdeen eta garraioaren sektoreentzako konponbideak diseinatzen ditu.
Robotikarekin zerikusia duen enpresa, zentro teknologiko eta administrazioak biltzen ditu euRobotics aisbl-ek, nazioarteko merkatuak Europa izan dezan gidari. 15.500 milioi euroko bolumena du sektoreak urtean.
Europako robotikaren arloan diharduten eragile nagusi guztiek (enpresa, erakunde nazional, zentro teknologiko zein administrazioek) erabaki dute Europar Batasuna hartu beharreko erabakietan aholkatuko duen erakunde bakar batean antolatzea. Helburua, Europako robotika izan dadila nazioarteko merkatuko gidaria.
EURON erakunde akademikoak eta EUROP enpresa-elkarteak bat egin dute nazioarteko euRobotics aisbl (association internationale sans but lucratif), erakunde pankontinentalean. IK4 Research Alliance haren sortzaileetako bat da. Erakundearen helburua da robotikaren mundu-mailako 15.500 milioi euroko “tartan” tokatzen zaion zatia handitzea.
Joan den irailean sortu zen euRobotics, Europar Batzordeko goi-karguak bildu zituen ekitaldi ofizial batean. Orain eraikitze-fasean hasia da, non Europako robotika arloko eragile nagusiek hartzen baitute parte.
Bruselan du egoitza erakundeak, eta ez du irabazi-asmorik. Bere zeregina biribiltzeko, Europako enpresek nazioarteko merkatuetan duten posizioa sendotzeko lanak egingo ditu, Europako administrazioen aurrean industriaren eleduna izango da, bere kideen ikusgarritasuna areagotuko du eta robotika erabil lezaketen industrietan sustatuko du.
Europako roboten sektorea
Europar Batzordearen lehendakariorde eta Agenda Digitalaren Komisario Neelie Kroesek euRobotics aisbl elkartearen sorrera ekitaldian egindako hitzaldian adierazi zuenez, “Funtsezkoa da robotika sendo izatea Europa etorkizunean lehiakorra izango bada. Robotikaren industria hazteak enplegu gehiago egotea eta Europako fabrikazio-sektorea sendotzea ekarriko du”.
Sektore hau Europako industriarentzat zein garrantzitsua den erakusgarri, hona datu batzuk: Mundu mailako robot industrialen produkzioaren laurdena, eta zerbitzu profesionaleko erroboten produkzioaren erdia Europako enpresei dagokie. Gainera, aurreikusi da zerbitzu profesionaletako eta etxeko lanetarako roboten merkatuak % 40 haziko direla datozen urteetan, bereziki erreskate-lanen, segurtasunaren eta garbiketa profesionaleko aplikazioen sektoreetan.
Robotika IK4-en
IK4 Aliantzako kideek aktiboki egiten dute lan teknologia robotikoa garatzen, eta esperientzia luzea dute konponbide robotikoak bilatzen, bai robotika industrialaren alorrean, bai zerbitzu-robotikaren eremuan. IK4-TEKNIKER, Aliantzako kide den zentroa, robotikari buruzko Europako bi proiekturen buru da, eta beste lautan ari da parte hartzen.
Hainbat arlo hartzen dituzte proiektu horiek, hasi tradizionaletatik (automobilgintza, esaterako) eta robotikak garapen txikiagoa duen beste batzuetara arte, hala nola zapatagintza eta fabrika handiak. IK4 Aliantzako kideen robotikari buruzko jakintzaren barruan gizakien eta roboten arteko lankidetzaren garapenei buruzkoa ere badago.
IK4-k, nagusiki, fabrikazioaren, azpiegituren, baliabide naturalen, industria berdeen eta garraioaren sektoreentzako konponbideak garatzen ditu. Aliantzak robotikarekiko duen atxikipenaren erakusgarri, Espainian egin den Robotikaren Europar Astea koordinatzeko zereginak IK4-TEKNIKERi esleitu zizkioten.
IK4 Research Alliancek euRobotics aisbl elkartearen sortzaile izateko egindako urratsa bat dator erakundeak robotikaren alde egindako apustuarekin, funtsezkoa dela jo baitu enplegua sortzeko eta tokiko eta Europako merkatuak lehiakorrago bihurtzeko.
Gainera, ezin postura hobean ipintzen du IK4 VII. Esparru Programatik (berrikuntza eta teknologia sustatzeko Europan den tresna nagusia) HORIZON 2020 programarako trantsizioan, hura 2014an hasiko baita indarrean.