Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

Zentro teknologikoak martxoaren 2tik 6ra ospatuko du bere 40. urteurrena BIEMHn, enpresa aeronautikoentzako erreferentziazko bazkide gisa sendotuta; sektore horrek IDEKOren fakturazioaren %25 ordezkatzen du.
Bere standean, erronka industrial errealak konpontzeko doitasun-robotika, digitalizazioa eta ikusmen aurreratua uztartzen dituzten soluzioak aurkeztuko ditu.
Elgoibar, 2026ko otsaila.– IDEKO zentro teknologikoak Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa (BIEMH) aeroespazio-sektorerako prestatutako fabrikazio-teknologien erakusleiho bihurtuko du. Azoka martxoaren 2tik 6ra egingo da Bilboko Exhibition Centre-en (BEC), eta bertan IDEKOk industria aeronautikoaren ekoizpena bultzatzeko diseinatutako soluzio teknologikoak erakutsiko ditu.
Azokan parte hartzea, gainera, mugarri berezia izango da IDEKOrentzat, bertan ospatuko baitu bere 40. urteurrena. Lau hamarkadatan zehar, fabrikazio aurreratuko erreferentziazko enpresekin elkarlanean aritu den I+G-ko eragile gisa, IDEKOk industria-erronkei erantzuteko teknologia berritzaileak garatu ditu, betiere aplikazio errealera bideratuta.
Testuinguru horretan, industria aeronautikoa IDEKOren jardueraren ardatz nagusietako bat bihurtu da azken urteetan. Sektore horretan egindako lanari esker, zentroak aliantza estrategikoak sendotu ditu nazioarteko erreferentziazko erakundeekin. Horren adibide argia ikusi ahal izango da BIEMH 2026an, IDEKOren standean (E20, 1. pabiloia), non balio handiko sektoreetan kalitate-eskakizun zorrotzei erantzuten dieten soluzioak aurkeztuko baititu, doitasuneko makinak eta prozesuak optimizatzeko, manufacturing-ari aplikatutako digitalizazioa garatzeko eta doitasun-robotikan aurrera egiteko duen ezagutza uztartuz.
«Ingurune industrial errealetan aplikatu eta baliozkotu diren garapen teknologikoak erakutsiko ditugu; fabrika aeronautikoetako erronka zehatzei heltzeko prest dauden soluzioak, eta, aldi berean, energia, automozioa edo trenbide-sektorea bezalako beste fabrikazio-arlo batzuetara ere erraz egokitu daitezkeenak», adierazi du Harkaitz Urretak, IDEKOko merkatu-zuzendariak.
Doitasun-robotika, fabrika digitalaren zerbitzura
IDEKOk BIEMH 2026an aurkeztuko dituen demostratzaile nagusiek bi hegazkin-osagai izango dituzte ardatz: egitura-pieza bat eta motor-osagai bat.
Egitura-piezaren kasuan, robot kolaboratzaile batek lagunduko du demostrazioa, 3D eskaneaketaren bidezko neurketa eta ikuskapen-prozesua simulatuz.
Demostratzaileak mekanizazio robotiko aurreratuan IDEKOk dituen gaitasunak erakutsiko ditu, aeroespazio-sektorerako egokiak diren zelula robotikoen eta doitasun-utillajeen diseinuari balioa emanez. Horrez gain, ikusmen-sistemak integratuko dira, robotaren burua lan-bolumen handietan etengabe jarraitzeko eta posizioa denbora errealean zuzentzeko gai direnak, baita mekanizazio eraginkorrago, seguruago eta jasangarriagoa ahalbidetzen duten teknologiak ere. Era berean, digitalizazioaren eta analitika aurreratuaren bidez zelula horiei prozesu-adimena nola eman azaltzen da.
Motor-osagaiak, berriz, ekoizpen-planta aeronautiko baten digitalizazioaren adibide esanguratsu bat erakusteko balioko du. Kasu honetan, piezen kalitate-kontrola prozesuaren jarraipenaren eta makinaren egoeraren bidez integratzen da, Adimen Artifizialeko teknologiak baliatuta. Demostrazioak IDEKOren digitalizazio industrialerako plataforma aurkeztuko du, makina eta plantako datuak modu malgu, seguru eta eskalagarrian biltzeko, kudeatzeko eta ustiatzeko diseinatua, ekoizpen-ingurune konplexuei laguntza emateko.
Garapen horri esker, hobekuntza nabarmenak lortu dira bai makinen portaeran eta erabilgarritasunean, bai prozesuaren produktibitate orokorrean ere, akatsak murriztuz eta ekoizpenaren eraginkortasuna eta sendotasuna handituz.
Bestalde, IDEKOk MULTISense garapen teknologikoa ere aurkeztuko du; ikusmen aurreratuko hainbat teknologia uztartzen dituen soluzioa, ikuskapen- eta kalitate-kontrolerako prozesuetara bideratua, galdaketako zein mekanizazioko inguruneetan agertzen diren akats industrialei modu eraginkorrean erantzuteko aukera ematen duena.
Industria-aplikazioak dituen I+G erakusleiho hau osatzeko, IDEKOk mekanizazio-prozesuetan sortzen diren bibrazioak ezabatzeko dituen gaitasunak ere erakutsiko ditu, makina aldatu edo utillaje konplexuak erabili beharrik gabe eragiketak egonkortzea ahalbidetzen duten amortiguazio-sistemen bidez.
Horren adibide da DynAQ sistema, IDEKOk garatutako tresna eramangarri berritzailea. Azokan aurkeztuko den sistemak makin eta ekoizpen-ekipoetako bibrazio-arazoak neurtu, diagnostikatu eta konpontzeko aukera ematen du, haien eraginkortasuna, fidagarritasuna eta erabilgarritasuna hobetuz.
«Plataforma irtenbide intuitibo, arin eta erabilerraza da, makina-dinamikan duten ezagutza-maila edozein dela ere langile teknikoentzat. Sentsore desberdinetatik seinaleak jasotzen ditu, haien bilakaera denboran bistaratzen du eta analisi espektalak modu errazean egiteko aukera ematen du», azaldu du Urretak.
Horrez gain, IDEKOk doitasun handiko mekanizazio- eta artezketa-prozesuetan sortzen diren azaleko marken karakterizazio eta ebazpenerako soluzio aurreratuak ere erakutsiko ditu BIEMHn. Askotan mikrometro bat baino txikiagoak diren akats horiek arriskuan jar dezakete piezen azaleko kalitatea, doitasun dimentsionala eta errendimendu funtzionala, bereziki makina-erremintaren, automozioaren, energiaren edo industria aeroespazialaren sektoreetan.
40 urte fabrikazio aurreratua bultzatzen
BIEMHn, IDEKOk bere 40. urteurrena ospatuko du, fabrikazio aurreratuko joera berrietara egokitzeko eta eboluzionatzeko gaitasuna erakusten duen ibilbide baten isla. Automoziorako mekanizazio-soluzioetatik hasi eta industria aeronautikorako doitasun-robotetaraino, zentroak etengabe egokitu du bere jarduera industriaren erronketara.
IDEKOren sendotasuna I+G+B ekosisteman eta bere lidergoa estatu zein Europa mailan agerian uzten dute urtean parte hartzen duen 200 proiektu teknologikok baino gehiagok, finantzaketa publiko zein pribatuko ekimenak barne, 35 urtetik gorako esperientziak programa europarretako proiektuak koordinatzen, doktoregoa duten pertsonen pisuak plantillan, edo 2025aren amaieran erregistratutako 42 patenteek.
IDEKOri buruz
IDEKO euskal zentro teknologikoa, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kidea, 40 urte baino gehiagoko ibilbidea du fabrikazio aurreratuan aplikatutako teknologien ikerketa, garapena eta berrikuntzan. Bere jarduera bereziki bideratuta dago doitasuneko makinetara eta prozesuetara, manufacturing-ari aplikatutako digitalizaziora eta doitasun-robotikara.
IDEKOren I+G+B jarduera enpresa-ehunaren lehiakortasuna hobetzen laguntzera bideratzen da, eta lau ikerketa-taldetan egituratzen da: Dinamika eta Kontrola, Fabrikazio-Prozesuak, IKTak eta Automatizazioa, eta Diseinu eta Doitasun Ingeniaritza.