Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

Plan estrategiko berriaren esparruan, zentro teknologikoak hurrengo laurtekoan aurre egingo dien ikerketa erronkak zehaztu ditu.
Biki digitalek, fabrikazio gehigarriak, robotikak, osagai aktibo eta adimendunek eta sektore estrategikoetarako fabrikazio prozesuek osatzen dute lehentasunezko eremuen zerrenda.
Identifikatutako lerro guztiek ingurumenaren iraunkortasunaren ikuspegia eta ekonomia zirkularraren printzipioak jasoko dituzte.
Fabrikazioaren eraldaketei aurrea hartzeko
 eta industriaren beharrei erantzuteko, IDEKO zentro teknologikoak datozen lau urteetarako
 ikerketa plan berria ezarriko duten ildo estrategikoak zehaztu ditu.
 
 Zehazki, Fabrikazio Aurreratuan espezializatutako eta BRTA Aliantzako kide den
 erakundeak manufacturing-ari aplikatutako adimen artifiziala, doitasun makinak
 eta prozesuak, simulazioa eta biki digitalak, osagai aktiboak eta adimendunak,
 pieza eta sektore estrategikoetarako prozesuak, robotika eta fabrikazio
 gehigarria jarri ditu hurrengo laurtekoan lehentasunez aurre egin beharreko
 zazpi ikerketa erronka gisa. Zeharka bada ere, erronka horiek
 guztiek ingurumenaren iraunkortasunaren ikuspegia eta ekonomia zirkularraren
 printzipioak txertatuko dituzte.
“Gure sektorearen ingurumen inpaktua
 beste arlo batzuena baino txikiagoa da, hala nola, industria kimikoarena edo
 altzairutegiena, baina ingurumena zaintzeko sentsibilitate handia dugu, eta
 zazpi erronketako bakoitzean iraunkortasunari eta ekonomia zirkularrari
 lotutako helburuak definituko dira. Lehengai gutxiago kontsumitzen duen
 mekanizazio prozesu bat garatzeko gai bagara, gure bezeroen kostuak murrizten
 ariko gara, baita karbono aztarna ere”, azaldu du Rafa Lizarralde IDEKOko
 ikerketa zuzendariak.
IDEKOren Plan Estrategiko
 berriaren esparruan garatua, erakundearen ikerketa planak bezeroen
 lehiakortasuna areagotuko duten irtenbideak sortu nahi ditu, negozio lerro
 berriak eta balio kateko eragile berriengana hurbiltzeko aukera emango duten
 produktuak sortuko dituzten teknologiak.
 
 “Funtsean, gure bezeroen makina eta sistemetan integratuko diren teknologiak
 garatu nahi dira, gehiago eta hobeto fabrikatu ahal izateko. Bigarrenik,
 negozio berriak sor ditzaketen teknologiak sortu nahi ditugu, eta, azkenik,
 bezero berriengana hurbildu nahi dugu. Garatzen dugun guztia gure bezeroak
 lehiakorragoak izan daitezen da, teknologikoki diferentzialak diren elementuen
 bitartez", zehaztu du Lizarraldek.
Aukera berriak, giza kapitala eta espezializazioan
 arreta jartzea
 
 IDEKOren ikerketa plan berriak
 fabrikazio aurreratuaren espezializazioan sakontzen du, baina berrikuntzak ditu
 etorkizuneko erronkei erantzuteko eta eraginkortasunak markatutako irtenbideak
 eskaintzeko.
 
"Plan honek jarraipena ematen dio fabrikazio industrialerako teknologia
 aurreratuak garatzeko dugun bokazioari; izan ere, gure arrakastaren
 arrazoietako bat da manufakturingeko gure espezializazioan etengabeak izan garela,
 baina berrikuntza garrantzitsu bat du: zeharkako erronkak definitzea, diziplina
 anitzeko taldeak sortzen ari garenontzat, esparru desberdinetako profesionalak
 foku komun batean pentsatzen eta lan egiten jartzeko asmoz. Ikuspegi berri
 horrekin, gure helburua da eraginkorragoak izatea ezagutza sortzeko eta
 merkatura transferitu daitezkeen irtenbideak garatzeko, ikerkuntzan
 bikaintasuna lortzeko”, Lizarralderen esanetan.
Lehentasunezko ardatzen aukeraketa bat dator administrazio publikoen eta,
 bereziki, Eusko Jaurlaritzaren estrategia teknologikoarekin: “Euskal
 Administrazioa kontuan hartzen dugu gure ikerketa planean. Hautatzen ditugun
 teknologiek zentro gisa eboluzionatzen eta hazten laguntzen digute, baina
 Euskadiko errealitateari ere begiratzen diote eta industria sareari ekarpen bat
 egitea bilatzen dute”, Lizarraldek gaineratu duenez.
 
 Gainera, ikerketa-plan horrekin, IDEKOk
 garapenerako tresna propio bat izateaz gain, giza kapitala gaitzen eta
 industriara transferitzen ere laguntzen du.
“Gure planak, halaber, industriari eta merkatuari
 buruzko ikuspegia duten profesionalak prestatu nahi ditu, eta enpresara
 transferitzea erraztu. Makina-erremintari eta industria fabrikazioari buruzko
 prestakuntzan ari diren profesionalen pertzepzioaren bilakaera gertatzen ari
 da, digitalizazioari eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak,
 ikusmen artifiziala, robotika edo datuen analisia sartzeari esker. Belaunaldi
 berrien aldetik erakargarritasunaren eta interes teknikoaren pertzepzioan lekua
 berreskuratzen ari gara. Garatuko ditugun teknologiak erakargarriak dira une
 honetan prestatzen ari diren gazteentzat", arrazoitu du Ikerketa zuzendariak.
 
 IDEKOren ikerketa-plan berriak inbertsioak egitea
 ere ekarriko du, saiakuntza banku eta laborategi gisa dituen gaitasunak
 indartzeko.
“Ez da inbertsio berezirik egin beharko, baina indartze inbertsioak egingo ditugu dagoeneko garen horretan aurrera egiteko, eta bereziki indartuko gara Adimen Artifizialaren esparruan; izan ere, orain arte izan ditugunak ez bezalako profil espezifikoekin indartuko den talde bat dugu, datu-analista eta matematikari gisa. Erreferentziazko erakundeekin aliantzak eta lankidetzak ere ezarriko ditugu, gure gaitasunak osatzeko", ondorioztatu du adituak.