ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

Makina-erremintentzako IK4-IDEKOren moteltze-sistema saritu du Finlandiako Kalitate Erakundeak.

Makina-erremintentzako IK4-IDEKOren moteltze-sistema saritu du Finlandiako Kalitate Erakundeak.

IK4-IDEKO Zentro Teknologikoak, Soraluce makina-erreminta ekoizlearekin lankidetzan garatutako DAS moteltze aktiborako sistemak, urtero Finlandiako Kalitate Erakundeak ematen duen “Quality Innovation of the Year 2015” saria jaso zuen makina handien kategorian.

Garapen teknologikoaren arduradunek jaso zuten saria Estoniako hiriburua den Tallinen urtarrilaren 27an egin zuten ospakizunean.

Ekitaldian, IK4-IDEKOko Dinamika Eta Kontrola Saileko ikertzaile Iker Mancisidor eta Soraluceko zuzendari gerente Rafael Idigoras izan ziren. Euskaliteko zuendari Fernando Sierrak eta Estonian Espainiako enbaxadore Fernando Garcia Casasek ere parte hartu zuten ekitaldian.

Epaimahaikideek, DAS sistemak makina-erreminta eremuan ekarri duen “iraultza” aipatu zuten ekitaldian, “berrikuntza horrekin mekanizazio prozesuan chatterrak agertzeko arriskua txikiagoa delako, orain arte ez bezala, eta gainera makinaren errendimendua asko handitzen dela" azpimarratuz.

Gainera, nazioarteko ebaluatzaile taldeak erabaki duenez, DAS sistemak (Dynamics Active Stabilizer) kalifikazio bikaina izan du aztertutako bost parametroetan: berrikuntzaren balioa, erabilgarritasuna, ikaskuntza, bezeroarenganako orientazioa eta eraginkortasuna.

Gailu honek Soraluceko fresatzeko makinetan txertatuta funtzionatzen du eta teknologia honekin mekanizazio prozesuan bibrazioak murrizteaz gain, manufakturatutako piezen azken emaitza optimizatzen du, bai eta makinaren ebaketa ahalmena %300 arte hobetu ere.

DAS sistema, une honetan patentatzeko prozesuan dagoena, IK4-IDEKO eta Soraluceren arteko lankidetzarekin lortu da. Makina-erremintaren funtzionamendu dinamikoaren ezagutza sakonari, soluzioak ezartzeko daukaten esperientzia gehitu zaio gaur egun merkatuan dagoen teknologiari aurrerapen garrantzitsua ekarri dion teknologia aurreratuak diseinatzeko.

Taldean burutu den I+G+b lan honek kontuan izan ditu Soralucek ekoiztutako ekipoen erabiltzaileen gomendioak, makinaren dinamika-zurruntasuna aktiboki handitzeko gai den gailua arrakastaz gauzatzeko, bai eta ebaketa gaitasuna handituko duena eta ezegonkortasun arriskua (chatterra) murriztuko duena mekanizazio prozesuan.

Sistema hau, mekanizazio prozesu mota askotan probatu da, bai prentsen makina-buruetan bai motor edo moldeen pieza polarretan ere, eta guztietan eman da %45 arteko murrizketa testatutako mekanizazio denboretan.

DAS sistema makina-erremintetan ezartzearen ondorioz sor daitezkeen beste abantaila batzuk dira, piezaren gainazalaren kalitatearen hobekuntza, ekipoen bizitza erabilgarriaren hazkundea eta piezaren bolumen osoan %100eko ebaketa-ahalmena izatea.

Finlandiako Kalitate Erakundeak emandako sariari, Maschinenmarkt makina-erremintan espezializatutako aldizkari alemaniarrak ematen duen Best of Industry sarirako izendapena gehitu behar zaio ebaketa-makinen kategorian.

KATEGORIAK