ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

SOLUZIO BERRIAK LOTURA MEKATRONIKO AKTIBOETAN OINARRITUTAKO MEKANIZAZIO PROZESUETAN BIBRAZIO ARAZOAK MURRIZTEKO

SOLUZIO BERRIAK LOTURA MEKATRONIKO AKTIBOETAN OINARRITUTAKO MEKANIZAZIO PROZESUETAN BIBRAZIO ARAZOAK MURRIZTEKO

IK4-IDEKO Zentro Teknologikoak eta beste bazkideek POPJIM proiektu europarrean ekindako garapenak aurkeztu dituzte Komisio Europarraren aurrean. Makina-erremintaren sektorerako hainbat produktu izan dira garapen horien emaitza. Zehazki, fresatzeko makina bateko, tornu bateko eta erreminta-etxe bateko ebaketa ahalmena areagotzeko egindako garapenak aurkeztuko dira.

Stockholmeko KTH zentro suediar ospetsuaren gidaritzapean, "Kontrol moldatzailerako Plug-and-Producen osagaiak" izeneko POPJIM proiektua erronka estrategiko bat izan da Europako Erkidegoko 7 herrialdetan zentroak dituen 10 bazkideentzat, eta proiektuari esker lotura mekatroniko aktiboak sortu dira (“JIMak") makina-erremintetan osagaiak elkartzeko edo moteltze modulu gehigarriak (“AIMs”) makinako egiturei eransteko. Elementu horiek mekanizazio prozesu bakoitzaren baldintzetara moldatzeko gai dira, bai eta autokitzikatutako bibrazioak desagerrarazteko ere, ebaketa ahalmenak nabarmen handituta.

Orain arte, mekanizazio lanen ezegonkortasuna konpontzeko, ebaketaren parametroak aldatu eta makinaren ezaugarri dinamikoek eskatutako baldintzetara egokitu izan ohi dira, baina horrek, askotan, produktibitatea gutxitzea ekarri ohi du. Proiektu honetan garatutako prototipoekin, ordea, makinaren ezaugarri dinamikoak dira egin beharreko mekanizaziora egokitzen direnak.

Proiektuan zehar bereizitako bi kontzeptu landu dira ebaketa ahalmenaren handitze hori lortzeko. Alde batetik, makina-erremintaren ohiko interfazea aldatu da eta bere ordez autokonfiguratu eta optimizatu daitekeen modulu mekatroniko bat jarri da. Lotura mekatroniko aktiboa deitzen zaio modulu horri (Joint Interface Module, JIM) Kontzeptu honek egitura arinetarako balio du, adibidez erreminta-etxeetarako edo tamaina txikiko makina eta tresnetarako. Beste aldetik, kasu honetan tamaina handiko egituretarako, moteltze modulu gehigarriak garatu dira (Added Interface Module, AIM), hau da, makinei edo tresnei eransten zaizkien moteltze egiturak. Elementu horiek egokiak dira tamaina handiko makina edo tresnetarako.

Sistema biak, hau da, JIMak eta AIMak, gailu batekin komunikatuta daude, eta gailu horrek sistemak zuzen sintonizatuta daudela kontrolatzen du hari gabeko sare baten bitartez. Era berean, unitate guztien kontrolagailuak (JIMak eta AIMak) euskarri plataforma nagusi batekin komunikatuta daude, eta plataforma horrek solairu bakoitzean dauden moteltze unitateen informazio guztia jasotzen du, eta unitate horiek konfiguratu eta elkarrekin koordinatzen ditu.

Lotura mekatroniko aktiboak (JIMak). Lotura mekatroniko aktiboa, funtsean, eragingailu batez xafla metalikoen bitartez aurrez kargatuta dagoen material biskoelastikoz eginiko geruza batzuk dira. Sistemak sentsoreak ditu aurretiazko kargaren kontrolerako eta mekanizazio prozesuaren monitorizaziorako, bai eta wifi ataka batzuk ere kontrolagailuarekin komunikatuta egoteko. Lotura mekatroniko aktiboak moteltzea eta zurruntasun maila aldakorra eskaintzen du egin beharreko mekanizazio lanaren arabera.

Moteltze modulu gehigarriak (AIMak). Moteltze modulu gehigarriak automatikoki sintonizatu daitezkeen motelgailuak dira, aurrez kargatutako material biskoelastikoan edo sistemaren zurruntasunean eragingailu baten bidez egindako aldaketetan oinarrituta. JIMek bezala, AIMek ere sentsoreak dituzte prozesuaren monitorizaziorako eta kontrolagailu nagusi batekin komunikatuta daude, wifi ataken bitartez. Motelgailua automatikoki sintonizatzen da, bibrazio maiztasunaren arabera, eta aldi berean sistema moteltzea lortzen da.

Proiektu hau IK4-IDEKOren “Dinamika eta Kontrola" izeneko ikerketa lerroaren barruan sartzen da, makina eta prozesuen portaera dinamikoa ezaugarritzea eta optimizatzea helburu baitu. Lerro honek 20 urte baino gehiagoko esperientzia du txirbil harroketazko prozesuetan bibrazioak desagerrarazten eta MEF metodologiaren bitartez egituren diseinu mekanikoa egiten.

IK4-IDEKO lotura aktiboek bete beharreko baldintzak zehazteaz eta proiektuan zehar helburu gisa egiaztatu beharreko eragiketak erabakitzeaz arduratu da. Lotura aktiboen ereduak sortzeko jarduera eta azpiegiturak uztartzeko tekniken bitartez loturen ezaugarriak makina osoaren ereduaren ezaugarrietara egokitzeko lanak ere gidatu zituen. Bukatzeko, zentro teknologikoak zeregin nabarmena izan du eraikitako prototipoen erakusketetan.

Izandako emaitzak

Produktibitatearen  eta prozesuen kalitatearen hobekuntza

Proiektuaren emaitza nagusia izan da osagarrien belaunaldi berri bat garatzea, mekanizazio prozesuaren arabera autosintonizagarriak direnak eta makinetan, tresnetan eta erreminta-etxeetan erraz txertatu daitezkeenak, horiekin produktibitatea eta ekoizpen kateko prozesuen kalitatea hobetuta.  Zehazki, hauek garatu dira: bi lotura mekatroniko aktibo (JIMak) dituen tornu bat, JIM bat integratuta duen erreminta-etxe  bat, JIM bat duten tresna batzuk aleazio arinetarako eta bi AIMak txertatuta dituzten tresnak tamaina handiko makinetarako. 

 Instalazio erraza eta eragiketa konplexuagoak

Garatu diren "plug-and-produce" osagaiek sentsoreak, eragingailu aurreratuak eta erabilera errazeko softwarea daramate txertatuta, eta aplikazio batzuetan material adimentsuak ere badituzte. Makina-erremintetan erraz instalatzen direnez, makinen funtzionaltasuna eta produktibitatea areagotu ditzakete, eragiketa konplexuagoei heltzeko ahalmena emanda eta, era berean, akatsak egiteko edota istripuak gertatzeko arriskua murriztuta.

Emaitzen ustiapen industriala

Zentro teknologikoek eta unibertsitateek abangoardiako teknologiak garatu dituzte proiektuan zehar eraiki diren prototipoen diseinu kontzeptualerako, bai eta lotura mekatroniko aktiboek (JIMak) eta moteltze modulu gehigarriek egoki funtzionatzeko behar dituzten kontrol algoritmoak ere.

Makina-erreminten fabrikatzaileak, ordea, industriaren egungo eta etorkizuneko premiak beste bazkideei jakinarazteaz arduratu dira, eta garatutako osagaiak beren makinetan txertatu dituzte.  

Bukatzeko, osagaien fabrikatzaileek osagaien belaunaldi berri bat eratu dute JIMen eta AIMen funtzio espezifikoetarako, esaterako eragingailuak, Wireless komunikazio sistemak edo moteltzea egiteko beharrezkoak diren material biskoelastikoak.

Proiektuaren emaitzek tornu batean aplikatutako JIM kontzepturako patenteak eskatzen hasteko bidea eman dute, kontzeptu hori bera baita erreminta-etxe batean aplikatutakoa, eta AIM kontzepturako ere bai. Proiektua bukatu eta ondorengo ustiapen industriala proiektuan izan diren makina fabrikatzaileek egingo dute. Ikerketa zentroek, berriz, lanean jarraituko dute modulu aktiboak modelatzen, haien portaera modu zehatzagoan iragarri ahal izateko eta garapen berriei ekin ahal izateko.

Popjim proiektu hau 2010eko irailean hasi zen, Europako Batzordeak 2007-2013 aldian abian jarritako I+G alorreko 7. Esparru Programaren baitan, eta bertan 6 industriak, 2 zentro teknologikok eta 2 unibertsitatek osatutako partzuergo batek parte hartu du. Espainiako bazkide gisa, azpimarratzekoa da SORALUCE Koop. E.ren parte-hartzea, IK4- IDEKOren partaidetzaz gain.  Datorren irailaren 11n horiek denak Soraluce Koop. E.ren instalazioetan elkartuko dira esandako garapen guztiak Europako Batzordeari aurkezteko. Proiektuak 4.4 M€-ko aurrekontua izan du, eta Europako Erkidegotik 3.3 M€-ren finantzaketa eskuratu du.

Proiektuaren gaineko informazio gehiago hemen:  http://www.popjim.com/

Erakusleen bideoak youtubeko kanalean daude ikusgai. https://www.youtube.com/channel/UC_09ZcxLUum1x5wr8ankjAw

    KATEGORIAK