Esta web usa cookies para almacenar información en su ordenador. Usar la página web supone que acepta los términos de nuestra Política de Privacidad. Aurrera

ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurkitu dezakezu IK4-IDEKOri buruzko azken berriak.

BERRIAK

Fabrikazioaren eremuan, makinen dinamika eta kontrolean espezializazioa bultatzen

Fabrikazioaren eremuan, makinen dinamika eta kontrolean espezializazioa bultatzen “Kanadan eskuratutako ezagutzak onura handiak ekarri diezazkigu”

IK4-IDEKOko Dinamika eta Kontroleko Lerroko ikertzaile Iker Mancisidorek sei hilabeteko egonaldia egin du Waterlooko Unibertsitatean (Kanada), eta doktorego ondokoa egin du bertan. IK4-IDEKO nazioartean erreferentziakoak diren unibertsitate eta ikerketa zentro batzuekin trukeak egin eta lankidetzan aritzeko programetan parte hartzen ari da, eta eta esperientzia hau programa horietako batean kokatzen da.

Ekimen hauekin, zentro teknologikoko ikertzaileek beraien ezagutzetan sakondu eta beraien gaitasun profesionala bultzatu dezakete, manufakturingaren eremuan prestigio handia duten enpresetan eta unibertsitateetan. IK4-IDEKOren asmoa da espezializazioaren alde egitea, industria fabrikazioaren eremuko eragilerik garrantzitsuenen ikerketa lanekin konektatuta egotea eta haiekin loturak sendotzea etorkizunean lankidetzak egiteko.

Kanadan, Waterlooko Unibertsitatean, egin duzu zure doktorego ondokoa, zertan aritu zara berez han emandako denboran?

Sei hilabeteko egonaldia egin dut atzerrian, eta denbora horretan doktorego ondokoa egin ahal izan dut doitasuna kontrolatzeko laborategian. Unibertsitateak ematen dituen klaseetako batzuetara joan naiz, eta departamentuko lanetan integratu naiz, bileretan parte hartuz eta departamentuaren hainbat proiektutan lagunduz. Gainera, master bat egiten ari zen ikasle baten zuzendarikidea izan naiz, eta orain ikasle hori gurekin dago lau hilabeteko egonaldia egiten.

Nolakoa izan da atzerrian lan egitearen esperientzia?

Ikusi dut zer alde dagoen zentro teknologiko batean lan egitearen eta unibertsitate batean lan egitearen artean. Han erritmoa oso desberdina da eta malgutasun handia dago. Alderik handienetako bat da han lana etxetik egin dezakezula. Proiektuak garatzeko orduan askatasun handiago dago, baina, halere, zorroztasuna oso handia da.

Zorte izan dut, Waterlooko Unibertsitatean Ingeniaritza Mekanikoko Departamentuko katedradun Kaan Erkorkmaz doktorearekin lan egiteko eta harengandik ikasteko aukera izan baitut. Bi kongresutan egon naiz berarekin, eta horri esker sektoreko jende asko ezagutu ahal izan dut eta haiekin harremanetan jarri.

Zure ustez zer gauza on eman dizkizu esperientzia honek?

Dezente ikasi dut makinen kontrolarekin zerikusia duten gaietan, eta espero dut ezagutza horiek guztiak moteltze aktiboaren gainean egiten ari naizen ikerketetan erabili ahal izatea.

Nolakoa da zentro bien arteko lankidetza?

Ni hara joan aurretik, Kaan Erkorkmaz doktorea gurekin elkarlanean aritutakoa zen, batez ere Jokin Muñoa eta Xavier Beudaert ikertzaileekin. Gurekin lankidetzan egindako lanik berriena Produkzio Ingeniaritzako Nazioarteko Akademian aurkeztutako azken artikulua da, makinen motorren moteltze aktiboan zentratuta.

Han egindako egonaldiak bi zentroen arteko lankidetza indartzen lagundu du, gainera. Izan ere, unibertsitate hartan masterra egiten ari zen ikasle bat IK4-IDEKOra etorri da orain egonaldi bat egiteko. Gurekin egongo den denboran, ikasiko du zer arazo sortzen diren bibrazioen inguruan, eta Kanadara itzultzen denean elkarrekin lanean jarraitu ahal izango dugu.

Lehen trukea bada ere, lankidetza gehiago egiteko atera irekitzen du. Beste ikasle bat guregana etortzea nahi dugu, Industry 4.0 MC-Suite proiektu europarrean gurekin batera lan egin dezan.

Aurreikusita duzu Waterlooko Unibertsitatera bueltatzea?

Zain gaude ea ebaluatu dezakegun hemen dagoen ikaslearen esperientzia. Halere, interes handia daukagu haiekin elkarlanean aritzeko, eta oso litekeena da geuk gure ikertzaileetako bat hara bidaltzea bere prestakuntzarekin jarraitzeko edo Waterlooko Unibertsitateko ikasleren bat guregana etortzea gurekin lan egiteko.

Zer emaitza lortu dira?

Zaila da emaitzak berehala kuantifikatzea, baina azkenean uste dut nik eskuratu dudan ezagutza onura handiak ekar diezazkigula moteltze aktiboaren gaian eta zentroarekiko lankidetzak asko lagunduko digula, makinen kontrolaren gainean ezagutza handia dutelako. Dudarik gabe, emaitzak egongo dira etorkizunean.

Waterlooko Unibertsitatean makinen kontrolaren alorreko munduko profesionalik hoberenak daude eta gu espezialistak gara bibrazioetan. Beraz, nire ustez, konbinazio hori oso onuragarria izango da zentro bientzat.