Aeronautikaren sektorean ohikoak diren aluminiozko pieza lirainak edota horma meheak mekanizatzen direnean, prozesuaren konplexutasunak eta perdoi dimentsional handiak eta bukaerako piezaren propietate mekaniko bikainak lortzeko premiak interakzioan daude. Pieza mota hauek daukaten ohiko arazoa da aintzat hartzeko modukoak diren distortsoak agertzen direla piezak mekanizatu eta gero. Piezak behar bezala egonkortuta ez daudelako eta hasieratik hondar tentsio ugari dituztelako gertatzen da hori, batez ere. Materiala kendu eta pieza bere lotura sistematik askatu eta gero, tentsioek oreka egoera berri batera jotzen dute eta aldaketa geometrikoa eragiten dute piezan. Lan honetan, mekanizatutako osagaien bukaerako distortsioak kalkulatzen utziko duen eredu analitiko baten garapena proposatzen da. Eredua elikatzeko datuak lortzeko asmoarekin, fresaketako saiakuntza esperimentalak egin dira aluminiozko hainbat piezatan. Bukatzeko, ereduak mota horretako piezen bukaerako distortsioa iragartzeko duen ahalmena baliozkotu egin da, saiakuntza esperimentaletako laginetan lortutako distortsioen emaitzekin alderatuz.