ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

IK4, EBren robotikako aholku-taldeko zuzendaritzara

IK4, EBren robotikako aholku-taldeko zuzendaritzara
  • Robotikarekin lotutako enpresak, zentro teknologikoak eta administrazioak biltzen dituen erakundeko (euRobotics aisbl) zuzendaritza-talderako hautatu dute euskal Aliantza Teknologikoa.

 

  • Europako robotikaren erreferentzia da IK4, eta, nagusiki, fabrikazioaren, azpiegituren, baliabide naturalen, industria berdeen eta garraioaren sektoreentzako konponbideak diseinatzen ditu.

 

euRobotics aisbl-eko zuzendaritzako partaide hautatu berri dute IK4 Aliantza Teknologikoa. Nazioarteko merkatuan Europako robotikaren nagusitasuna sustatzeko politikei buruz aholku ematen dio erakunde horrek Europako Batzordeari. 

Erakunde horretako lehen zuzendaritza-batzordeko (Board of Directors) kide hautatu dute IK4 haren bazkideek, bozketa bidez. Iazko irailean sortu zuten erakundea robotikaren ikerkuntzan diharduten Europako zenbait eragilek; besteak beste, zentro teknologikoek, unibertsitateek eta industriak. Irene López de Vallejo doktorea izango da IK4-ren ordezkaria batzorde horretan.

Honenbestez, datozen urteotarako Europako robotika-politiketan protagonista izango da euskal Aliantza. Alor horretako merkatuak 15.500 milioi euro mugitzen ditu nazioarteko merkatuan, eta Europako industriak partaidetza handiagoa nahi du negozioan.

Bruselan du egoitza erakundeak, eta ez du irabazi-asmorik. Bere zeregina biribiltzeko, Europako enpresek nazioarteko merkatuetan duten posizioa sendotzeko lanak egingo ditu, Europako administrazioen aurrean industriaren ordezkari izango da, bazkideen agerraldiak ugaritu egingo ditu,  eta robotika sustatuko du haren erabiltzaile izan litezkeen sektore industrialetan.

Robotika IK4-en

IK4 Aliantzako kideek gogotsu egiten dute lan teknologia robotikoa garatzen, eta esperientzia luzea dute konponbide robotikoak bilatzen, bai robotika industrialaren alorrean, bai zerbitzu-robotikaren eremuan.

Bestak beste, automobilgintzako ohiko konponbide robotikoak beste sektore batzuetan (robotika hain garatua ez dutenetan, alegia; oinetakogintzan, adibidez) aplikatu nahi dira, instalazio industrial handien mantentze-lana robot bidez egin... IK4 Aliantzako kideen robotikari buruzko jakintzaren barruan gizakien eta roboten arteko lankidetzaren garapenei buruzkoa ere badago.

IK4-k, nagusiki, fabrikazioaren, azpiegituren, baliabide naturalen, industria berdeen eta garraioaren sektoreentzako konponbideak garatzen ditu. Bigarren ikasturtez jarraian, izan du aintzatespenik gure Aliantzaren robotikarekiko loturak, Espainian egin den Europako Robotikaren Astearen koordinatzaileetako bat izan baita.

IK4 Research Allianceren urratsa (euRobotics aisbl elkarteko zuzendaritza-batzordeko kide izatea) bat dator erakundeak robotikaren alde egindako apustuarekin, funtsezkoa dela jo baitu enplegua sortzeko eta tokiko eta Europako merkatuak lehiakorrago bihurtzeko.

Gainera, ezin postura hobean ipintzen du IK4 VII. Esparru Programatik (berrikuntza eta teknologia sustatzeko Europan den tresna nagusia) HORIZON 2020 programarako trantsizioan, hura 2014an hasiko baita indarrean.

    KATEGORIAK