ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

2015ean IK4-IDEKOk 9,6 milioi euroko sarrerak izan zituen, hau da, aurreko urtean baino %8 gehiago

2015ean IK4-IDEKOk 9,6 milioi euroko sarrerak izan zituen, hau da, aurreko urtean baino %8 gehiago

IK4-IDEKO euskal zentro teknologikoak, zeina Fabrikazio Aurreratuan espezializatuta baitago, 9,6 milioi euroko sarrerak lortu zituen iaz. Horrek esan nahi du aurreko urtean baino %8 sarrera gehiago lortu zuela.

Gainera, I+Gren fakturazioa %7 handitu zen, 2014ko emaitzekin alderatuta, eta guztira 8,3 milioi euroko zifrara heldu zen. Zifra horrek erakusten du ikerketaren jarduera eta enpresekiko kontratu zuzenen bitartezko teknologiaren transferentziarena orekatuta egotea lortu dela zentroan, ikerketaren jarduera guztirakoaren %45 izanik eta bestea, berriz, gainerako %5ª.

"Ikerketen eta berrikuntzen arteko konbinazio orekatu horri esker posible dugu I+G+b jarduerari modu jarraian eustea eta enpresek eskatzen duten balioa eskaintzea", ziurtatu du IK4-IDEKOko zuzendari nagusi Ramon Uribe-Echeberriak.

Gainera, euskal zentro teknologikoak Autonomia Erkidegoan, Estatuan eta Europan administrazio publikoek Fabrikazio Aurreratuaren alorrean abian jarritako programa nagusi guztietan parte hartu du.

"Pasa den urtea oso positiboa izan da IK4-IDEKOrako, izan ere, proiektuen kaptazioari eta fakturazioari dagokienez historian erregistratutako daturik hoberenak gainditu ditugu, nahiz eta testuinguru ekonomikoak, zertxobait hobea izan bada ere, oso konplexua, hegazkorra izaten eta zalantza handiko etorkizuna izaten jarraitzen duen", ziurtatu du Ramon Uribe-Echeberriak.

Enpresekiko kontratupeko proiektuen jarduerari dagokionez, zentro teknologikoak nabarmen handitu du bere bezeroen zorroa, 79 enpresa edukitzeraino. Horietatik, gainera, 15 enpresa berriak dira berarentzat.

Gainera, IK4-IDEKOk bere bezeroekin harremanetan egoteko eredu berriak garatu ditu, malgutasunean eta integrazioan oinarrituta; estrategia horrekin balio ekarpena handitu dezake, proiektuak kontratatzeko ohiko ereduetatik harago.

Emaitza horiek pasa den maiatzaren 13an onartu ziren IK4-IDEKOk Elgoibarren duen egoitzan, zentro teknologikoaren Batzar Nagusian.

  • Administrazioekin lankidetzan

2015ean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea (ZTBES) berrantolatzeko prozesuak markatu zuen euskal testuinguru zientifiko eta teknologikoa, izan ere, berrantolaketa horrekin egiaztatutako erakundeen jarduera bultzatu eta merkatu efizientzia handiagora bideratu nahi da, bikaintasun maila nabarmenekin.
Prozesu horretan, IK4-IDEKO berriro eskuratu du Zentro Teknologiko Multifokalilzatuaren egiaztagiria, eta hori mugarri garrantzitsua izan da zentro teknologikorako, bikaintasun maila handiagoak lortzeko lanean jarraitzeko asmoa baitu.
Hala, IK4-IDEKOk 2020rako bere Jarduera Plana diseinatu du, hau da, bide orri bat, non zentro teknologikoak helburu horiek lortzeko ezarriko dituen estrategiak eta ekintzak jasotzen diren.

  • Inbertsioa puntako ekipamenduetan

Berrikuntzaren eta bikaintasun teknologikoaren alde egiten jarraitzeko asmoarekin, IK4-IDEKO lanean ari da CNC eta Digital Factoryko laborategi berri bat eraikitzeko. Laborategi horrekin fabrikazioaren industrian sartu diren 4.0 teknologien eskaera berriei erantzun nahi die IK4-IDEKOk.
Ekipamendu berri hori automatizazio soluzio integralak etengabe garatu eta esperimentatzeko diseinatu da, lan horiek industri inguruneetan etengabe gertatzen ari diren eraldaketa digitalen testuinguruan eginda.
Laborategiak CNC eta automatizazio aurreratuko soluzioak probatzeko eta baliozkotzeko gune bat dauka, industri inguruneko konektibitaterako, monitorizaziorako eta ekoizpen baliabideen analisirako.
Gune horren misioa da zentro teknologikoa erreferente nabarmena bihurtzea Fabrikazio Aurreratuan eta 4.0 Industrian.

  • Patente berriak

Pasa den urtean zentro teknologikoak hiru patente berri eskatu zituen, egindako ikerketa eta garapen lanen ondorioz; horrekin, zentroak 22 patente ditu bere patente aktiboen zorroan.
Gainera, zentro teknologikoaren ikerketa jarduerak argitalpen ugari eman ditu: 11 artikulu argitaratu ditugu indexatutako aldizkarietan eta 9 artikulu aurkeztu ditugu kongresuetan, dibulgaziorako egin ditugun artikulu ugariez gain.

  • Makina-erremintaren hitzordua

Zentro teknologikoa eragile nabarmena da teknologia aurreratuak industriako fabrikazioaren eremura transferitzeari dagokionez eta eskulangintzarako ekipamenduen garapenari dagokionez, eta presentzia handia izango du Makina-erremintaren Espainiako Bienalaren hurrengo edizioan (BIEHM), maiatzaren 30etik ekainaren 4ra arte, Bilbao Exhibition Centerrean.
Hitzordu horretan, IK4-IDEKOk DAS moteltze aktiborako sistema erakutsiko du, Soraluce makina-erreminten fabrikatzaile euskaldunarekin elkarlanean garatu baita. Garapen horrek “Quality Innovation of the Year 2015” saria eskuratu du, enpresa handien kategorian. Saria Finlandiako Kalitate Elkarteak ematen du urtero.
Gainera, zentro teknologikoak doitasun handiko erreminta bat aurkeztuko du BIEHM azokan. Erreminta horrekin geometria libreko osagaiak manufakturatu daitezke industri tornuetan, aeronautikaren edo automobilgintzaren sektoreetarako, esaterako. Fast Tool Servo da garapenaren izena, eta industriako tornuetan forma ez-axisimetrikoak sortze uzten duen eragingailu azkarra da, orain arte ekipamendu horietan biraketa piezak baino ezin baitziren fabrikatu.
IK4-IDEKOk, halaber, tren gurpilak neurtzeko sistema aurreratu bat aurkeztuko du. Sistema Danobatekin elkarlanean garatu du, eta gurpilen mantentze lanak programatu, haien higadura aurreikusi eta mekanizazio lanak optimizatzen uzten du. Garapena jada operatibo dago Euskotrenek Gernikan dituen instalazioetan. Laser bidezko triangeluketako teknikak erabiltzen ditu eta algoritmiako oinarriak, gurpilen profilak berreraikitzen uzten duten datuak bildu eta prozesatzeko.

IK4-IDEKOri buruz

IK4-IDEKO Elgoibarren (Gipuzkoa) dagoen zentro teknologiko bat da, eta fabrikaziorako eta industriako produkziorako teknologietan espezializatuta dago. 1986an sortu zen Mondragon Corporationeko makina-erreminten enpresen osagai teknologiko handiko erronkei erantzuteko, eta gaur egun 100 ikertzaile baino gehiago dauka, bai eta 79 bezero baino gehiago zorroa ere urtean.

I+G+b alorrean garatzen duen jarduera enpresei soluzio teknologiko bereziak eskaintzera bideratuta dago, lehiakorragoak izan daitezen, eta jarduera hori 7 ikerketa lerrotan banatzen da: Berrikuntza Estrategikoa, Mekanizazioa eta Produkzio Sistemak, Dinamika eta Kontrola, Software Adimenduna, Fabrikazio Prozesuak, Ikuskapena eta Neurketa, eta Mikroteknologia eta Ultradoitasuna, bai eta Diseinua eta doitasunezko ingeniaritza ere.

KATEGORIAK