ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

Material konposatu eraginkorrago eta lehiakorragoak industriarako

Material konposatu eraginkorrago eta lehiakorragoak industriarako

 IK4-IDEKOk parte hartuko du MATCOMP 2017 kongresuan, Donostian ospatuko dena ekainaren 21etik 23ra

Industriak material arin eta zurrunagoak eskatzen ditu, eta inpaktuen aurrean erresistentzia handiagoa dutenak. Material konposatu edo konpositeak aukera ona dira behar horiei erantzuteko, baina beharrezkoa da beren ikerketan inbertitzea fabrikazio-prozesu efiziente eta lehiakorragoak diseinatzeko.

Material konposatuen arloko azken aurrerapenak aztertzeko helburuz, Donostiak MATCOMP kongresuaren edizio berri bat jasoko du ekainaren 21 eta 23a bitartean. Foro horretan IK4-IDEKO zentro teknologikoak presentzia nabarmena izango du.

Bi urtean behin ospatzen den kongresuak hitzaldi-programa oparoa eskainiko du, berrikuntzan zentratuta. Bere eduki zientifiko eta teknologikoaren helburua da material konposatuen presentzia indartzea hainbat sektoretan, besteak beste aeronautika, automozioa, trenak, garraiobideak, energia eolikoa, ekipamendu-ondasunak eta makina-erreminta.

Gainera, ekitaldiak balio izango du material konposatuen arloko azken ikerketak eta teknologia berritzaileenak aurkeztu eta horien gainean eztabaidatzeko.

Kongresuaren bigarren egunean, IK4-IDEKOko Francisco Javier Vallejo ikertzaileak hitzaldi bat eskainiko du beira-zuntzarekin indartutako material konposatuen fabrikazio aurreratuko prozesu berrien inguruan.

Ontze ultramoredun aurre-inpregnatuetan oinarritutako konpositeen fabrikazio prozesu berriaren garapena eta automatizazioa” izeneko txostena, Vallejok berak garatu du Ane Aranburu ikertzailearekin elkarlanean.

Hitzaldian azalpenak emango dira mekanismoak jartzeari buruz konpositeen fabrikazio prozesuen kostuak murriztu eta konpositeen ezaugarriak hobetzeko, beste material batzuekin lehiatu ahal izateko.

Konkretuki, lanak zehazten ditu konpositeen inpregnazio, kontsolidazio eta ontze prozesu berri baten ezaugarriak, bi etapen inguruan artikulatzen dena. Lehenik eta behin ontze ultramorea duten aurre-inpregnatuen fabrikazio automatizatua egiten da. Bigarrenik, kontsolidazioa egiten da presioa eta erradiazio ultramorea aplikatuz konpositeari, horrela amaierako piezari bide emanez.

Garapen berria alternatiba bat da konpositeen fabrikazio prozesu tradizionalen aurrean, infusioa eta autoklabe ontzea barne.

Vallejo eta Aranburuk ikertzen jarraitzen dute material konposatuen inguruan IK4-IDEKOn Fabrikazio Prozesuetan espezializatutako ikerketa taldearen baitan.

Zentro teknologikoak berrantolaketa bat egin du berriki bere ikerketa-dibisioan, Fabrikazio Aurreratuan duen espezializazioa indartu, ehun industrialarekin harremanak sendotu eta teknologiak merkatura transferitzea azkartzeko helburuz.

Erakundearen ikerketa lerroak lau talde handitan antolatu dira: Dinamika eta Kontrola, Diseinua eta Doitasun Ingeniaritza, Fabrikazio Prozesuak eta Informazio eta Komunikazio Teknologiak, eta Automatizazioa.

Ikerketa-egituraren berrantolaketa, bat datorrena Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearekin, diseinatu da ehun industrialaren beharrei erantzun eta enpresen arteko kooperazioa sustatzeko helburuz.

KATEGORIAK