ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

3D ikusmena landu gabeko piezak lerrokatzeko

3D ikusmena landu gabeko piezak lerrokatzeko

 

IK4-IDEKOk 3Dn ikusteko teknologia aurreratuetan oinarritutako sistema bat garatu du prozesu luze eta garestiak automatizatu ahal izateko

 

Landu gabeko pieza bat mekanizatu behar denean, erabateko garrantzia dauka mekanizatzeko makinaren gainean pieza nola jartzen den. Pieza egoki lerrokatu behar da makinaren ardatzekiko (fresatzeko makinarekiko edo tornuarekiko, esaterako); izan ere, lerrokatze prozesua funtsezkoa da, gaizki lerrokatuz gero pieza akatsekin atera daitekeelako.

 Erronka horri aurre egiteko, IK4-IDEKOk landu gabeko piezak lerrokatzeko sistema bat garatu du;  ViSUP-3D izena du sistema horrek.  Zentroak Barakaldoko BECen ekainaren 2tik 7ra bitartean egingo den Makina Erremintaren Biurtekoan (BIEMH) aurkeztuko du gailua.

 Normalean, piezak hasieran lerrokatzeko denbora asko behar da, eta lan hori eskuz egin ohi da, errepikakorrak ez diren prozesuen bitartez, prozesu horiek pieza bakoitzaren geometriaren arabera aldatzen baitira. Horrek egiten du giza faktorea dela-eta gerta daitezken akatsak gehiago izatea.

 Abantailak

 ViSUP-3D gailuari esker posible da prozesu hau zehaztasunez eta era automatizatuan egitea, ahokatzeko prozesuan eman ohi den denbora %70 murriztuta eta lerrokatzeko prozesuan eman ohi dena %60. Sistema horrekin posible da, halaber, kostuak gutxitzea, gizakiek akatsak egiteko arriskua minimizatzea eta laneko segurtasuna areagotzea.

 Teknologia eta aplikazioak

ViSUP-3D landu gabeko piezak lerrokatzeko sistema bat da, patentatuta dago eta CAM sistemetan integratu daiteke, eta 3Dn ikusteko teknologia aurreratuetan oinarrituta dago, esaterako fotogrametrian eta estereofotogrametrian. Sistemak ahokatzeko edo fitting eragiketarako modulu bat dauka eta lerrokapenak egiteko beste bat.

Gailua IK4-IDEKOk garatu du eta metro kubiko bat baino gehiagoko bolumena duten piezekin erabili daiteke. Horrez gain, mekanizatzeko makinetan, galdategietan, forjetan eta galdaragintzan erabiltzeko diseinatuta dago.

    KATEGORIAK