Esta web usa cookies para almacenar información en su ordenador. Usar la página web supone que acepta los términos de nuestra Política de Privacidad. Aurrera

ESKATU INFORMAZIOA

 
DOKTORE TESIAK

Gure artikulu zientifiko, tesiak, metodoak, memoriak eta zabalkunde teknologikoa.

EGILEAK:

Abiadura aldakor tekniken aplikazioa artezketa prozesuaren optimizariorako

Tesi honetako ikerketa lanaren helburu nagusia artezketa prozesuak puntuan jartzeko eta berauen optimizaziorako estrategiak garatzean datza, hurrenez hurren artezketa zilindriko eta zentrorik gabeko artezketetako sartze eta zeharkako prozesuak lantzen direlarik. Estrategia horiek prozesua agintzen duten hiru abiadura nagusien konbinazio eta etengabeko kontrolean oinarritzen dira.  Abiadura hauek, sartze (penetrazio) abiadura, piezaren abiadura (harri erregulatzailearen abiadura zentrorik gabeko artezketan) eta artezketa harriaren abiadura direlarik.

 

Lan taldearen aurreragoko ikerketak eta egungo artearen egoera kontuan izanda, piezaren abiadura aldakorraren aplikazioa ezegonkortasun dinamiko edo chattera murrizteko teknika eraginkorra dela baieztatu da. Teknika hau martxan jarri ahal izateko, beharrezkoa da abiadura aldakorraren parametro optimoak ezagutu eta aplikatzea (aldakuntza sinusoidal baten anplitudea eta maiztasuna esaterako), gaur egun hauek proba praktikoen bitartez edo denbora domeinuko simulazio ereduak erabiliz lortzen direlarik.

 

Tesi honetako lehenengo lana IK4-Ideko eta Mondragón Unibertsitateak osatutako lan-taldeak  hasitako ikerketa bat burutzea izan da. David Barrenetxea hasitako lan horretan piezaren abiadura aldakorra arrakastaz aplikatzen da  zentrorik gabeko artezketako sartze prozesuan ezegonkortasun dinamiko edo chattera murriztuz, eta Tesi honetan  antzeko metodologia erabili da eraginkortasun bera zentrugabeko zeharkako artezketan frogatzeko eta baita prozesuko beste emaitza batzuetan  duen eragina aztertzeko (zimurtasuna, indarrak..), harri erregulatzailearen abiadura aldakorrak zeharkako abaiduran eta produkzioan duen eragin zuzena dela eta.

 

Egonkortasun analisia burutzeko aurretik garatu zen denbora domeinuko modeloen ebazpenean kostu konputazional handia somatzen zen, batez ere parametro aldakorrak erabiltzean. Berau murrizteko Tesi honetan semidiskretizazioa deritzon metodologia aplikatu da,  kostu konputazionala neurri handi batean jeitxi delarik emaitzen zehaztasunari uko egin gabe. Metodo hau piezak jarraian ematen dituen bi biratan dituen akatsak erlazionatzen dituen trantsizio matrizearen autobalioen analisian oinarritzen da eta aipatutako prozesu ezberdinetan aplikatu eta balioztatu da. Metodologia honetan oinarritutako software baten garapena dela medio, chattera murrizteko abiadura aldakorreko konbinazio onenak zehatz eta bizkor ebazteko gai gera une honetan. Aztertu diren kasuetan, konbinazio eta emaitza onenak Hertz baten azpiko maiztasun aldaketa eta abiadura nominalaren ehuneko hamar baino gehiagoko anplitudeak erabiliz lortu dira.

 

Ondoren prozesua agintzen duten hiru abiadura nagusien konbinazioak simulatzen dituen software bat garatu da eta aldi berean makinako ardatzetan konbinazio hauek ahalbidetzen dituzten CNC-rako programak. Simulazio softwarean sartzeko (penetrazio) artezketa eta zentrugabeko artezketa prozesuetako ziklo eta abiadura aldakor estrategia desberdinak aztertu daitezke eta baita konbinazio onenak ebatzi ondoren makinan probatzeko. Simulazioan lortzen diren emaitzak artezketa indarrak, potentzia, pieza erretzeko arriskua, bukaerako zimurtasuna, piezaren azken diametroa, biribiltasuna eta bibrazioa arriskua dira besteak beste.

 

Softwarea erabiliz abiadura aldakorren konbinazio estrategia eta artezketa ziklo desberdinak definitu dira eta ondoren makinan entsegu esperimentalak egin dira. Ziklo berezi hauek, denbora eta artezteko material kantitate berdinak dituzten abiadura Konstantedun ziklo konbentzionalekin konparatu dira. Entseguek simulazioen eta emaitza esperimentalen arteko korrelazio ona egiaztatzeko balio izan dute alde batetik eta are garrantzitsuago, abiadura konbinazio berezidun zikloak piezaren azken kalitatea hobetzeko edo kalitate berdineko ziklo azkarrago edo produktiboagoak lortzeko gai direla.

 

Jarraian, argitalpen laburpen gisako Tesi hau osatzen duten artikuluen zerrenda aurkezten da era kronologikoan. Artikulu hauetan ikerketan lorturiko garapenak aurkezten dira. Jarraian, planteturiko helburuak lortzeko eta argitara eman ez den lan gehigarria ere aurkezten da memorian. Azkenik, aipatzekoa lan honetan aurkezten den etengabeko abiadura aldakor eta konbinazioen estrategiaren ideia patente baten bitartez babestuko dela.

INFORMAZIO GEHIAGORENTZAT JAR ZAITEZ GUREKIN HARREMANETAN

(34)943 748 000